Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIBGMET) graduetako bederatzi ikaslek lehenengo aldiz parte hartu dute 2024/2025 ikasturtean Erasmus+ programak finantzatutako bi Programa Trinko Erdipresentzialetan (Blended Intensive Program). Europako Unibertsitate Eremuko unibertsitateek elkarlanean antolatutako nazioarteko programak dira, eta “online” eta modu presentzialean ematen dira unibertsitate hartzailean. NIBGMETeko ikasleek parte hartu duten programen parte presentzialean, egun batzuetako iraupena izan duten bisitak egin dira lekuan bertan, Frantzian eta Italian.
Lehenengo BIPa Frantzian egin zen UNITA Unibertsitate Aliantzaren barruan, eta haren helburua izan zen graduko, masterreko eta doktoretzako ikasleak prestatzea mendiko ekosistemetako biodibertsitatea aztertzeko eta analizatzeko metodoetan. Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea (UPPA) izan zen programaren burua, eta Turingo Unibertsitateko (Italia), NUPeko eta Zaragozako Unibertsitateko zenbait irakaslek eta hogeita hamar bat ikaslek parte hartu zuten.
Frantziako programan parte hartzeko aukeratu zituzten NIBGMETeko ikasleak Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua eta Bioteknologiako Gradua, Bioteknologiako eta Datuen Zientziako Gradu Bikoitza eta Nekazaritzako Ingeniaritzako Masterra ari ziren egiten. Iñigo Virto Edafologia eta Nekazaritzako Kimika (Zientziak) arloko irakasleak lurzoruen dibertsitatearekin lotutako edukia eman zuen Michele Freppaz irakaslearekin (Università di Torino) batera, Alpeetako eta Pirinioetako Lurzoruen Aliantzen eta SOLPYR proiektuaren arteko lankidetzaren esparruan.
Bestalde, Italian garatutako BIParen helburua zen Tagliamento ibaiaren funtzionamendua ezagutzea. Tagliamento Italiako ipar-ekialdeko Friul-Venezia Julia eskualdeko Alpeetako ibai-sistema bat da. Universitá degli studi di Udine (UU) izan da programaren burua, eta lau unibertsitate parte-hartzaileetako 21 ikaslek parte hartu dute. NUPez eta Universitá degli studi di Udinez gain, Bydgoszcz-eko (Polonia) Kazimierz Wielki Unibertsitateak eta Zuricheko (Suitza) Zientzia Aplikatuen Unibertsitateak parte hartu dute.
Ikastaro horretan parte hartu zuten NUPeko lau ikasleak Datuen Zientziako Gradua, Bioteknologiako Gradua eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua eta Nekazaritzako Elikagaien Industriako Teknologiako eta Jasangarritasuneko Masterra ari dira egiten. Gainera, Rodrigo Antón Edafologia eta Nekazaritzako Kimika (Zientziak) arloko irakasleak NUPeko irakasle gisa jardun zuen bai online saioetan bai ekaineko azken astean antolatutako landa-laneko astean.
Frantzian eta Italian egindako lana, xehe-xehe
Frantzian garatutako programaren lehen edizio honetan, Pirinioak benetako ikaskuntza-ingurunea izan ziren, eta espezieen behaketa, lagin-bilketa eta diziplinarteko trukea uztartu zituzten. Hala, apirilean emandako “online” eskoletan azterketarako prestatu eta ekain hasieran ikasleek nazioarteko taldeetan egindako prestaketa lan baten ondoren, ikasle eta irakasleak Gavarniera joan ziren, Pirinioetako Parke Nazionalera. Han lurzoruen eta espezieen hiru behaketa- eta -azterketa-saio egin ziren (hainbat animalia eta landare, tartean enblematiko batzuk, hala nola sarrioak, uhandre piriniotarrak, ugatzak edo Pirinioetako ramondak), eta hegaztien eta saguzarren kantua erregistratu zuten, eta lurzoruaren, turbaren, uraren, landareen, intsektuen, gorozkien eta abarren hainbat lagin hartu zituzten.
Programari esker orobat kontzeptu aurreratuak jorratu ziren, hala nola fitosoziologia (landare-komunitateen azterketa) eta leku batetik igaro diren izaki bizidunen espezieen identifikazioa, ingurunean dagoen DNA aztertuz. Hori dela eta, Pauera itzultzean, bildutako laginak UPPAren laborategietan aztertu zituzten. Bigarren fase horretan, landa-behaketak ikerketa zientifikoko tresnekin konparatu zituzten: lurzoruen eta uren analisia, landare- eta animalia-espezieen identifikazioa lupa eta mikroskopioen bidez, grabaketa akustikoen interpretazioa, DNAren ingurumen-analisia, etab. Funtsezko zeregina da biodibertsitateren azterketan ikuspegi integrala izateko.
Bigarren BIParen helburua zen Tagliamento ibaiaren funtzionamendua ezagutzea, eta apirilean eta maiatzean egin ziren “online” saioak. Saio horietan, ibaiaren bideak zeharkatzen duen ekosistemako osagaiei buruzko oinarrizko ezagutza sortu zen: landaretza, lurzorua eta hidrologia. “Online” fase horretan, ikasleak taldeka aritu ziren lankidetzan, irakasleak buru zituztela, ikastaroan landutako gaiei buruzko lan-proposamen bat diseinatzeko eta proposatzeko. Ikastaroari amaiera emateko, landa-lanean aritu ziren astebetez, ekainaren 22tik 29ra, Tagliamento ibaiaren bidean, eta ikaskuntza praktikoan jarri zuten arreta, eta lekuan bertan datuak jaso eta talde-lana egin zuten, ikasleak ikaskuntza-prozesuaren parte-hartzaile aktibo bihurtuz.