Joan eduki nagusira

Medikuntza da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) atalase-notarik altuena duen gradua: 13 (14tik). Izan ere, gaur argitaratu da, uztailak 15, asteartea, 2025-2026 ikasturtean graduko ikasketak egiteko onartu diren ikasleen lehenbiziko zerrenda. Hurrena, Datuen Zientziako eta Bioteknologiako Gradu Bikoitza da: 12,738.

zoom Ikasle batzuk NUPen.

Ikasle batzuk NUPen.

Atalase-notarik altuena duten bi titulazio horien atzetik, badira beste lau titulazio hamabi puntu baino gehiago eskatzen dituztenak: Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Biomedikoko Gradu Bikoitza (12,333); Datuen Zientziako eta Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitza (12,201); Ingeniaritza Biomedikoko Gradua (12,175); eta Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Nazioarteko Programa (12,076).

Hamaika titulaziok gainditu dute 11 puntuko atalase-nota

Beste hamaika titulaziok gainditu dute 11 puntuko atalase-nota. Honako hauek dira: Haur Hezkuntzako Irakasletzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitzaren Nazioarteko Programa (11,994); Bioteknologiako Gradua (11,948); Fisioterapiako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradu Bikoitza (11,925); Erizaintzako Gradua (11,901); Datuen Zientziako Gradua (11,492); Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza (11,484); Psikologiako Gradua (11,335); Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Graduaren Nazioarteko Programa (11,184); Fisioterapiako Gradua (11,170); eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua (11,086).

NUPeko graduko titulazioen atalase-noten zerrenda osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

Onartutako ikasleen lehenbiziko zerrenda argitaratu ondoren, ikasleek uztailaren 16tik 18ra bitartean formalizatu behar dute matrikula (eguna titulazioaren arabera), Unibertsitatearen webgunearen bidez. Hor daude azalduak matrikulatzeko eman beharreko pauso guztiak. Bada salbuespen bat: Medikuntzako Gradurako, presentzialki egin behar baita matrikula.