Joan eduki nagusira

Ainhoa Remacha Irurek, doktoretza-tesian –Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu du–, tresna bat proposatu du Haur Hezkuntzako etapan Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzaren bidez (POI) eta Proiektuetan Oinarritutako Lanen bidez (POL) egiten diren hezkuntza-berrikuntzako proiektuak aztertzeko eta ebaluatzeko. Eskola-erakundeek eta komunitate zientifikoak baliabideak behar dituzte halako ekimenak kalitatez eta era esanguratsuan ebaluatzeko, eta, hain justu, horri erantzuten dio ikerlanak. NUPeko Miguel Rodríguez Wilhelmi eta Olga Belletich Ruiz irakasleak izan dira tesiaren zuzendariak.

zoom Ainhoa Remacha, NUPen.

Ainhoa Remacha, NUPen.

Ebaluazio tresna diseinatzeko, bibliografiaren azterketa eta esperimentazioa baliatu ditu Ainhoa Remachak. Horrela, alde batetik, hezkuntza-berrikuntzako 37 proiektu aztertu ditu tesian, Haur Hezkuntzako etapakoak. Proiektu horiek bi ezaugarri dituzte: POI-POL ikuspegiaren bidez eginak dira, eta  Nafarroako Gobernuaren urteroko deialdira aurkeztu dira 2015-2016 eta 2021-2022 ikasturteen artean. Bestetik, “Perdidos en el tiempo” izeneko proiektu pilotua jarri du martxan Nafarroako ikastetxe itundu batean, non diseinatutako tresna probatu eta hobetu baita adierazitako ikasturte horietan zehar.

2015-16 ikasturtean, tesiaren egileak kasu baten azterketa egin zuen eskola-erakunde batean, eta beharrezkotzat jo zuen aldaketa sakon eta nabarmen bat egitea, bai proiektuen kudeaketan (metodologia) eta kontrolean (ebaluazio jarraitua egiteko tresnak sartzeko beharra), bai eta proiektu berritzaileak formulatzeko moduan ere (diseinua). Horretarako, zikloarteko berrikuntza-proiektu bat diseinatu eta inplementatu zuen, POI-POL ikuspegiaren eta adimen anitzen teoriaren premisetatik abiatuta. Esperientzia horrek erraztu egin zuen Kalitatearen eta Egokitasunaren Inbentario Zientifikoa (KEIZ) izeneko tresna sortzea, eta, hortik aurrerako urteetan, bestelako irizpide batzuk gehitu, eta ebaluazio tresna hobetzen joan zen.

2016-2017 ikasturtean, ikastetxe horretan POI-POL metodologia inplementatzen hasi ziren Haur Hezkuntzako etapan, eta, hurrengo ikasturtetik aurrera, metodologia horiek eskola-erakundean pixkanaka ezartzearen alde egin zuen zuzendaritza-taldeak. Urte horietan zehar, garatzen eta hobetzen joan zen KEIZ tresna.

Haur Hezkuntzako etaparen analisi pedagogiko eta didaktikoa egiteko hausnarketa-prozesu baten ondoren, 2019-2020 ikasturtean “Perdidos en el tiempo” izeneko proiektu pilotua jarri zen martxan Nafarroako ikastetxe itundu batean, zehazki Haur Hezkuntzako bigarren zikloko bigarren mailako bi ikasgelatan. Proiektu hori ardatz/ildo nagusi gisa erabili zen KEIZ ebaluazio tresna bi ikasturtetan probatu eta tresna horrek biltzen dituen itemak presente egon direla frogatzeko. “Proiektua Haur Hezkuntzako ikasgeletan denbora historikora hurbilpena egiteko eta denbora-lerroa lantzeko eredu bat da, eta aro baten –kasu honetan, Historiaurrea– ezagutza erabiltzen du estrategia gisa. Esperimentazioaren azken ikasturteak baliozkoak izan ziren proiektuaren oinarri ziren alderdiak probatzeko, bai eta oinarri metodologikoen egokitasuna aztertzeko ere”, adierazi du tesiaren egileak.

Gainera, honako hau azaldu du: “Behin proiektua amaituta, bi gauzatarako izan da baliagarria KEIZ tresna: batetik, proiektua kalitatezkoa dela frogatzeko, beharrezko puntuazioa lortzen baitu, eta, bestetik, berrikuntza-proiektuaren ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak identifikatzeko, bai eta hura ezartzen den bigarren ikasturtean hobekuntza-proposamenak sartzeko ere”.

Bestetik, honako hau ere azaldu du: “KEIZ tresnak paradigma-aldaketa dakar nahitaez. Izan ere, azken urteetan zehar, aldaketa hori ahalbidetzen duten zenbait ikaskuntza-eredu ezarri dira ikastetxean, eta POI-POL metodologia beste metodologia aktibo batzuekin batera erabiltzeak aukera eman du egin eta izateko modu berriak sortzeko, ikastetxearen eta ikasgelaren antolaketa-eredu berriak ezartzeko POL metodologia oinarri hartuta, POIa ezartzeko ekintza didaktikoaren elementu gisa (metodoa), bai eta hezkuntza-komunitatean parte hartzeko modu berri gisa ere”, azaldu du.

Aurkikuntzen ondorio gisa, tesian baieztatzen da KEIZ tresnak berme zientifikoa ematen diela berrikuntza-proiektuen formatutik ezarri nahi diren hezkuntza- eta eskola-praktika errealei; izan ere, egokitasun eta kalitate irizpideak jasotzen dituzten item eta deskribatzaile espezifikoak biltzen ditu.

Dena den, ikerketan airean uzten da KEIZ tresna erabilgarria ote den harekin itemak partekatzen dituzten beste metodologia aktibo batzuen ezarpenaren egokitasuna eta kalitate zientifikoa ebaluatzeko. Egileak berak ondorioztatu duenez: “Hori dela eta, beste metodologia batzuetarako KEIZ tresna espezifiko bat diseinatzen ahal da tesi honetan aurkezten dena eredutzat hartuta”.

Ainhoa Remacharen CV laburra

Ainhoa Remacha Irurek Haur Hezkuntzako Irakasletzako Gradua –Pedagogia Terapeutikoaren aipamenarekin– eta eta Gizarte Laneko Gradua ditu, biak NUPen eginak. Berrikuntzako eta Ikerketako Masterra egin zuen UHUNen, eta horrek sarbidea eman zion Giza eta Gizarte Zientzietako Doktoretza egiteko NUPen.

Egun, Haur Hezkuntzako irakaslea da Iruñeko ikastetxe batean, bai eta NUPeko Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakaslea ere. Eskolak ematen ditu Haur Hezkuntzako Irakasletzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako graduetan.