Nafarroako Unibertsitate Publikoko Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedrak (NUP) duela gutxi amaitu du 2024-2025 ikasturteko diziplinarteko mintegien zikloa, Cuidar desde los márgenes: radiografía del empleo del hogar en España (“Bazterretako zaintza-lanak: etxeko langileen Espainiako erradiografia”) ikerlanaren aurkezpenarekin. Irene Lapuerta Méndez eta Begoña Elizalde-San Miguel ikertzaileek egin zuten aurkezpena. Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean egin zen saioa, eta etxeko lanen Espainiako sektorearen lan baldintzen eta egiturazko erronken analisi eguneratua eman zuen.


Diziplinarteko Mintegiaren azken saioko une bat, Irune Lapuerta eta Begoña Elizalde irakasleekin (ezkerrean eta eskuinean, hurrenez hurren).
Aurkeztutako ikerlanak Las empleadas del hogar en Navarra: análisis de sus condiciones laborales y su proceso de regularización (“Etxeko langileak Nafarroan: haien lan baldintzen eta erregularizazio prozesuaren analisia”) txostena du oinarri, zeina Berdintasunerako Nafar Institutuarentzat egin baitzuten 2020an Irene Lapuerta Méndezek eta Begoña Elizalde-San Miguelek, Magdalena Díaz Gorfinkiel eta Victoria Bogino Larrambebere ikertzaileekin lankidetzan. “Txosten hark sektorearen bilakaeraren berrikuspen kritiko eta testuinguratu bat egiteko esparru teorikoa eman zuen, azken urteetako lege aldaketak eta aldaketa sozioekonomikoak kontuan hartuta”, azaldu dute ikertzaileek. Mintegian, ikerlanaren ekarpen nagusiak azaldu zituzten Lapuertak eta Elizaldek. Ikerlanak ikuspegi eguneratu bat ematen du etxeko langileen arloari buruz, zeinak feminizazioa eta emakume atzerritarren presentzia handia baititu ezaugarri nagusi –hain justu, emakumeak dira sektore horren % 90 inguru, eta haietatik % 40 inguru, atzerritarrak–.
Saio horren bidez, bukaera eman zaio Diziplinarteko Mintegiaren lehenbiziko urteari. Mintegi horren helburua da ikerketa feministarako NUPen elkargune propioa izatea, eta, horretarako, elkarrizketa akademikoa eta diziplinen arteko trukea sustatzea eta ikertzaile emakumezkoen arteko sareak sortzea. Mintegiaren bigarren edizioan 60 bat ikertzaile emakumezkok hartuko dute parte, eta irailean hasiko da; haren bidez, jarraipena emanen zaio Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedrak bultzatutako ekimen horri.
Diziplinarteko Mintegiak ikasturtean zehar egindako ibilbidea
Diziplinarteko Mintegiaren lehenbiziko saioan –2024ko abenduan– Mintegiaren eta Katedraren helburu orokorrak aurkeztu ziren, programazio egonkor baten garapenerako oinarriak ezartzeko. Jakintzak trukatzeko, diziplinarteko eztabaida kritikorako eta ikerketa feministei ikuspegi kokatu batetik bultzada emateko elkargune modura aurkeztu zuten mintegia.
Mintegiaren bigarren saioa martxoan egin zen, eta desparekotasun akademikoak eta unibertsitate arloko genero alborapenak izan zituen hizpide. Oraingoan, Estudio cualitativo sobre brechas de género en el personal de la Universidad Pública de Navarra ikerlana aurkeztu zuen Begoña Eransus Unibertsitate Proiekzioko errektoreorde eta Berdintasun arloko arduradunak (“Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen arteko genero-arrakalei buruzko ikerketa kualitatibo bat”). Dokumentu horrek aukera eman zuen emakumeei arlo akademikoan eragiten dieten dinamika instituzionalei buruzko talde hausnarketa egiteko.
Eremu ireki bat genero ikasketak bultzatzeko
Programazio horrekin, Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedrak berretsi egiten du ikerkuntza feminista eta eraldaketa soziala unibertsitatetik bultzatzeko duen konpromisoa. Diziplinarteko Mintegia eremu bizi gisa sortu zen; genero ikasketetan interesa duen orori zuzendua dago, eta denboran irauteko eta gero eta gehiago zabaltzeko bokazioa du.
Proiektu akademiko eta lankidetzako honekin bat egin nahi duten pertsonak jar daitezela harremanetan Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedrarekin, helbide elektroniko honen bidez: catedra.genero@unavarra.es.