Itsaso Aranguren Erice, Irene Izco Berastegui eta Paula Domínguez Lacueva ikertzaileek –Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) doktoregaiak dira– doktoratu aurreko Fulbright ikerketa-beka bat jaso dute, eta, hari esker, sei eta zazpi hilabete arteko egonaldi bat egiten ahalko dute Estatu Batuetako unibertsitateren batean. Fullbrighteko Batzordeak 20 beka ematen ditu Espainia osorako, eta aipatutako lehenbiziko bi ikertzaileak izan dira beka bat lortu duten bakarrak Nafarroan; hirugarrenak, aldiz, Nafarroako Gobernuak finantzatutako bi beketako bat lortu du. Bi kasuetan, lehiaketa bidez egin da bekarako hautaketa, eta beharrezkoa da destinoko unibertsitateak ere onarpena ematea. Espainiako deialdian 123 eskaera erregistratu ziren; Nafarroakoan, 11.


Fulbright beken irabazleak, NUPen. Ezkerretik eskuinera: Paula Domínguez, Irene Izco eta Itxaso Aranguren.
Doktoregaiek destino hauek aukeratu dituzte: Itsaso Aranguren ingeniaria NASAko Jet Propulsion zentrora joanen da (Pasadena, Kalifornia), eta Irene Izco ingeniaria, berriz, Portland State University unibertsitatera (Portland, Oregon); azkenik, Paula Domínguez Biologiako eta Ingurumen Zientzietako graduatuak University of Massachusetts Amherst unibertsitatean eginen du egonaldia (Amherst, Massachusetts).
Onuradunen ibilbide laburra
Itsaso Arangurenek Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua ikasi du, bai eta Informazio Geografikoko Sistemetako eta Teledetekzioko Masterra ere, biak NUPen; halaber, Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Ingeniaritzako eta Arkitekturako Irudikapeneko eta Diseinuko Master Bikoitza egin zuen Kordobako Unibertsitatean. Gaur egun, NUPeko THERRAE ikerketa-taldean egiten ari da doktoretza-tesia, eta Jesús Álvarez Mozosen eta Armando Marinoren zuzendaritzapean. Tesian, hain zuzen ere, gainazal begetalak monitorizatzean teledetekzioak zer erabilera duen aztertzen du; izan ere, teknika horrek aukera ematen du urruneko plataformetan instalatutako sentsoreen bidez gainazal baten datuak lortzeko. Zehazki, sateliteetan kokatutako zenbait sentsorek emandako datuen erabilera konbinatua ebaluatzen du, nekazaritzako eta basogintzako estalkiak aztertu eta monitorizatzeko. Estatu Batuetan eginen duen egonaldian, NISAR satelitetik ateratako datuak baliatuko ditu laboreen osasun egoera aztertzeko ereduak garatzeko; satelite berri hori NASAK eta Indiako agentzia espazialak (ISRO) garatu dute elkarlanean.
Irene Izcok Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua (nazioarteko programa) eta Industria Ingeniaritzako Masterra egin ditu, biak NUPen. Doktoretza-tesia ere NUPen egiten ari da, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailean, hain zuzen ere GILT-ORen barnean (logistikako, garraioko eta ikerketa operatiboko ikerketa-taldea); Javier Faulín eta Adrián Serrano dira tesiaren zuzendariak, biak ISCkoak. Tesiaren helburua da ibilgailu berritzaileen erabileran –smart gisa ezagunak– ikerketa operatiboko teknologiak aplikatzea (optimizazioa, simulazioa, matematika aplikatua eta AA), horren bidez salgaiak hirian zehar modu efizienteagoan banatzeko.
Zehazki, hirientzako banaketa-sare hibridoak diseinatu nahi ditu ikertzaileak, sare horietan ibilgailu berritzaileak integratzeko, hala nola droneak, robotak eta ibilgailu elektrikoak. Eraginkortasuna hobetzeko asmoz, sistema adimendun horiek eskari eta pilaketa handiko eremuetako eragiketa logistikoak optimizatuko dituzte. Estatu Batuetan egonen den bitartean, Izcok simulazio, optimizazio eta adimen artifizialeko metodologiak konbinatuko ditu, soluzioak Portland hiriko testuinguru errealean probatzeko.
Paula Domínguez Lacueva Biologian eta Ingurumen Zientzietan graduatua da Nafarroako Unibertsitatean, eta gaur egun tesia egiten ari da NUPeko Elikagaien Teknologiaren arloan, Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak emandako FPU doktoratu aurreko beka batekin; tesiaren zuzendaria Iosune Cantalejo Díez da, IS-FOOD institutukoa Estatu Batuetan egonen den bitartean, bere tesian garatutako olio ozonizatuek osasunean eta segurtasun toxikologikoan dituzten ondorio onuragarriak aztertuko ditu, elikagaien industrian osagai funtzional gisa duten erabilera baloratzeko. Estatu Batuetako destinoko unibertsitateak programarik onena du elikagaien zientziaren arloan doktoretza egiteko, hango Ikerketa Kontseilu Nazionalaren arabera.
Olio ozonizatua lortzeko, doktoregaiak azaldu duen bezala, landare jatorriko olioa hartu –adibidez oliba-olioa– eta ozonoarekin tratatu behar da, gas horrek mikrobioen aurkako propietate oso indartsuak baititu. Aplikatzean, potentzial terapeutikoa edo funtzionala duten konposatu oxigenatu batzuk sortzen dira. Horrek esan nahi du ezen olio ozonizatuak, jatorrizko oliba-olioaren propietate onuragarriak kontserbatzeaz gain, funtzio berriak ekartzen ahal dituela, hala nola mikrobioen aurkako jarduera edo hanturaren aurkakoa, eta horrek aukera ematen du produktu hori osasunaren arloan edo kosmetikagintzan erabiltzeko, bai eta elikagaietan osagai funtzional gisa ere.