Beste zenbait unibertsitate, erakunde eta enpresarekin batera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Europako Higher Education Initiative (HEI) ekimenean sartutako proiektu batean hartu du parte; proiektuaren izena ImpactWEEL da, eta goi mailako hezkuntzan berrikuntza nola txertatu bilatzen du. Zehazki, NUPek ikerketa eta transferentzia teknologikoaren arloan duen esperientziak ekintzailetzaren arloko prestakuntza batera sortzen lagunduko du, eta eskualdeko berrikuntza-ekosistemak sustatuko ditu bere taldearen barruan. HEI ekimenak, osotara, 63 milioi euroko aurrekontua du deialdi honetan, Europa osorako.


ImpactWEEL proiektuan NUPen izenean parte hartu duen ikerketa-taldea, Arrosadiko campusean. Ezkerretik eskuinera: Igancio Contín, Lucía Garcés, Paula Anzola eta Cristina Bayona.
Inpaktua ahalik eta handiena izanen dela bermatzeko, NUPek parte hartzen duen partzuergoa dibertsitate geografikoaren arabera dago diseinatua; horrela, Europako zenbait eskualdetako bazkideek osatzen dute, zeinek tokian tokiko jakintza eta beren testuinguruko ikuspegi espezifikoak ematen baitituzte. Proiektua Universidade da Beira Interior (UBI) Portugalgo unibertsitateak kudeatzen du UBImedical inkubagailuaren bidez, eta irakaskuntzan, ikerketan eta ezagutzaren transferentzian egindako ekarpenengatik eta eskualdearen konpromisoagatik izan da hautatua.
Partzuergoak zenbait sektoretako erakundeak biltzen ditu (hezkuntzakoa, akademikoa, ikerketakoa, enpresena eta berrikuntzakoa), eta NUPekin batera beste sei unibertsitate hartzen ditu barne: Universidade da Beira Interior (Portugal) –UBImedical inkubagailuarekin–; University of St. Andrews American Foundation (Erresuma Batua); Rīgas Ekonomikas augstskola (Letonia), Goce Delcev Unibertsitatea (Ipar Mazedonia) eta Universitá Mercatorum (Italia); bestalde, partzuergoko kide dira bi erakunde bitartekari (NOVA FORUM - Instituto de Formação de Executivos da UNL eta CEIPIEMONT), bai eta berrikuntzan eta ekintzailetzan esperientzia duten bi enpresa ere (Ambiom eta INOVA+).
NUPeko lantaldea eta CEIN eta SODENA erakundeen laguntza
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Lucía Garcés Galdeano izanen da proiektuko ikertzaile nagusia; Enpresen Antolaketaren arloko irakaslea eta INARBE Enpresari eta Ekonomiari buruzko Ikerketa Aurreraturako Institutuko ikertzailea. Halaber, Ignacio Contín Pilart katedradunak, Cristina Bayona Sáez katedradunak eta Paula Anzola Román irakasle titularrak osatuko dute ikerketa-taldea, hura ere INARBEri atxikia.
Proiektuaren esparruan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Nafarroako bi erakunde hauen babesa izanen du, zeinak support partner gisa arituko baitira: CEIN eta SODENA. Bi erakundeek funtsezko zeregina izanen dute Work Packages (WP) direlakoen barrenean laguntza estrategikoa emateko eragile gisa. Haien parte-hartzeak balio erantsia ematen dio proiektuari; izan ere, enpresa-sarearen, berrikuntzaren eta eskualdeko garapenaren ikuspegia emanen dio, eta horrek sendotu egiten du esparru akademikoaren, politika publikoen eta produkzio-sektorearen arteko lotura.