Joan eduki nagusira

Pertsona batek COVID iraunkorra du baldin eta oraindik SARS-CoV-2 birusaren sintomak baditu infekzioaren fase akutua gainditu eta aste edo hilabete batzuk igaro eta gero. Sintomen artean, honako hauek nabarmentzen dira: nekea, arnasteko zailtasunak, gihar-ahulezia eta narriadura kognitiboa. Testuinguru horretan, Sergio Oscoz Ochandorenak (Almandoz, Baztan, Nafarroa) bere tesian egiaztatu du ezen kondizio hori duten pertsonek egoera fisiko txarragoa dutela pertsona osasuntsuek baino, eta, halaber, txikiagoa dutela esfortzuarekiko erresistentzia eta giharretako indarra, eta alterazioak dituztela gantzen metabolismoan eta zenbait funtzioren erregulazio automatikoan, hala nola arnasketan eta bihotz-maiztasunean. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako eta Fisioterapiako gradu bikoitza egin du Sergio Oscozek, eta berriki defendatu du doktoretza-tesia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Ikerketaren ondorio nagusia da, hain zuzen, posiblea dela jarduera fisiko gidatua erabiltzea tresna terapeutiko gisa, bai COVID iraunkorra dutenen sintomak arintzeko, bai errekuperazioa sustatzeko.

zoom Sergio Oscoz Ochandorena, NUPen duela gutxi doktoratua.

Sergio Oscoz Ochandorena, NUPen duela gutxi doktoratua.

Ikerketa EXER-COVID proiektuaren barnean kokatzen da –proiektu hori Navarrabiomed  Nafarroako Gobernuko Ikerketa Biomedikoko Zentroan eta NUPen egin da–, eta COVID iraunkorra duten ehun pertsona inguruk hartu dute parte. Honako hau azaldu du Sergio Oscozek: “Ikerketaren helburu nagusia izan da Nafarroan COVID-19aren sintoma iraunkorrak dituzten pazienteen egoera fisikoa aztertu eta pertsona osasuntsuen kontrol-talde batenarekin alderatzea, zeina gaixotasun kroniko ez-kutsakorren zaintza epidemiologikoko kohorte batetik atera baita”.

Zenbait parametro fisikoren analisia

Gaixotasunaren eragina ebaluatzeko, ikertzaileak zenbait parametro giltzarri aztertu zituen, besteak beste honako hauek: aireztapen efizientzia (arnas sistemak oxigenoa emateko zer gaitasun duen kirola egin bitartean), goi-atalaren (besoak, besaburuak, bularra eta bizkarra) eta behe-atalaren (gluteoak, hankak eta oinak) giharretako indarra, nerbio sistema autonomoaren funtzioa (borondatezkoak ez diren zenbait funtzio erregulatzeko aukera ematen duena) eta gantzen metabolismoa (gantzak zelulentzako energia bihurtzearren gorputzak garatzen duen prozesua). Aldi berean, kolektibo horren errekuperazioari dagokionez kirol jarduera egituratuak zer zeregin izaten ahal duen aztertu zuen.

Tesia lau ikerketatan banatu eta nazioarteko zenbait aldizkari zientifikotan argitaratu da, eta haren emaitzek adierazten dutenez, COVID iraunkorra duten pertsonek bihotz-biriketako errendimendu eta muskulu indar txikiagoak dituzte, bai eta esfortzu fisikoa egiten dutenean gantzak oxidatu edo energia bihurtzeko gaitasun txikiagoa ere; hori dena kontrol-talde osasuntsuaren aldean. Era berean, funtzio automatikoa ere kaltetuagoa dute, eta horrek eragin negatiboa ekartzen die afekzio hori duten pertsonei.

Erresistentzia eta indarra konbinatzea

Analisiak ondorioztatzen duenez, osagai anitzez osatutako programak erabiltzen ahal dira alterazio horiei heltzeko, jarduera fisiko egokitukoak, non erresistentzia- eta indar-jarduerak konbinatzen diren. “Emaitzek adierazten dute jarduera fisiko egituratuak funtsezko zeregina izaten ahal duela gaixotasunaren tratamenduan eta maneiuan”. Hori aipatu du ikertzaileak. Izan ere, gaixotasunari terapeutikatik heltzen zaionean ariketa fisikoa integratzea gomendatzen du, egoera funtzionala hobetzeko, sintomak murrizteko eta COVID iraunkorra duten pertsonen errekuperazio errazteko.

Doktoretza-tesiak  NUPeko bi irakasle izan ditu zuzendari: Mikel Izquierdo Redín, unibertsitateko katedraduna eta Navarrabiomedeko Ariketa Fisikoaren, Osasunaren eta Bizi Kalitatearen Unitateko (E-FIT) ikertzaile nagusia; eta Robinson Ramírez Vélez, irakasle titularra.

Ikerketa EXER-COVID proiektuak finantzatu du, Ikerketa Zientifikorako eta Teknikorako eta Berrikuntzarako Espainiako 2017-2020ko Planaren esparruan, eta Genomikako eta Medikuntza Aurreratuko GEMA erronkak Nafarroan dituen I+G ildo estrategikoen parte da.

Curriculum laburra

Sergio Oscozek Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako eta Fisioterapiako Gradu Bikoitza egin zuen Lleidako Unibertsitatean. Horren ondoren, Ikerketa Soziosanitarioko Masterra egin zuen Gaztela-Mantxako Unibertsitatean, eta horrek aukera eman zion NUPeko Osasun Zientzietako Doktoretza Programan sartzeko.

Doktoretza-tesiaren emaitzak zenbait aldizkari zientifikotan argitaratu dira, hala nola Revista Española de Cardiología, Journal of Applied Physiology, Clinical Nutrition ESPEN eta Current Problems in Cardiology aldizkarietan. Halaber, emaitzak nazioarteko zenbait kongresutan ere aurkeztu dira, adibidez, ahozko komunikazio bat aurkeztu zuen Kirol Medikuntzaren Ameriketako Elkargoaren (ACSM, ingelesezko sigletan) urteroko kongresuan –kirol medikuntzaren eta ariketa fisikoaren zientziaren nazioarteko erakunde nagusia da–, eta poster bat Kirol Zientzien Espainiako Elkartearen XII. Nazioarteko Kongresuan.

Sergio Oscoz, gaur egun,  ikerkuntzan laguntzeko teknikari gisa ari da lanean, hain zuzen ere Navarrabiomedeko Haur eta Gazteen Ariketa Fisikoko Unitatean, eta zeregin hori irakasle lanarekin uztartzen du, NUPeko ordezko irakaslea baita Fisioterapiako graduan, Tuterako campusean.