Iruñeko Plaza de la Cruz BHIko DBHko hirugarren ikasmailako ikasleak saritu dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) “Itsaso bete zientzia” lehiaketan. Gaur, ostirala, ekainak 6, egin da lehiaketa erakunde akademikoan, eta Kultura Zientifikoaren Unitateak antolatu du. Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko Errektoreordetzaren menpe dago atal hori. Dibulgazio-lehiaketa bat da, Unibertsitateen G-9 Taldearen G9-SCIENCE4ALL proiektuko Ozeanoen Nazioarteko Egunaren ospakizunaren barruan, eta ozeano, itsaso, ibai eta lurpeko uren kontserbazioaren garrantziaz hausnartzea du helburu.


Plaza de la Cruz BHIko ikasle sarituak, ikastetxeko irakasle bat erdian dutela (argazkiaren eskuineko aldean). Ezkerretik lehenak: Gurutze Pérez Artieda Kulturaren eta Dibulgazioaren Arloko zuzendaria eta Bosco Imbert tailerrak eman zituen NUPeko irakaslea.
Zehazki, Irati Seminario eta Ángela Gómez ikasleen “Carta desde las profundidades” saritu dute idazlanaren modalitatean. Sormen artistikoaren modalitatean, Uxue Ayechu, Cecilia Berastegui, Ada Pascual, Martina Martín eta Maider Garcíaren “Calidaguas” lana saritu dute.
Sariak “Uraren Agenteak” tailerrak ziren. Horietan, ikasle irabazleak ibaien zientziaren eta osasunaren aldeko “detektibe” bihurtu eta gure ibai eta lurpeko uren jasangarritasunarekin lotutako ikerketa- eta behaketa-jardueretan parte hartuko dute. Plaza de la Cruz Institutuko DBHko hogei bat ikaslek parte hartu zuten sari-banaketan.
G9-SCIENCE4ALL eta Ozeanoen Nazioarteko Eguna
G9-SCIENCE4ALL izenaren pean, Unibertsitateen G9 Taldea osatzen duten erakundeak, Kantabriako Unibertsitateak koordinatuta, partzuergo batean elkartu dira Ikertzaileen Gau Europarra elkarrekin ospatzeko. Unibertsitate hauek osatzen dute partzuergoa: Kantabriakoak, Gaztela-Mantxakoak, Extremadurakoak, Balear Uharteetakoak, Oviedokoak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Zaragozakoak, Errioxako Unibertsitatearekin lankidetzan. Haren jarduerak ekitaldiaren webgunean kontsultatzen ahal dituzue. Proiektua Europar Batasunak finantzatu du, Horizon Europe programaren bidez: Ikerketako eta Berrikuntzako Esparru Programa, 101162477 zenbakiko dirulaguntza-akordioaren bidez.