Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Politika Publikoen Ebaluazioko Aditu Diploma berria emanen du 2025-26 ikasturtean, eta batez ere Nafarroako Gobernuko teknikarientzat da eta foru gobernuak finantzatuko du. “Online” modalitatean emanen da, eta esku-hartze publikoen efikazia eta eragina aztertzeko metodologia zorrotzak aplikatzeko gai diren profesionalak izateko premiari erantzuten dio. 

zoom NUP.

NUP.

Programa aholkularientzat eta politika publikoen zikloan parte hartzen duten beste eragile batzuentzat  ere bada, bai eta gaian interesa dutenentzat ere. Matrikula egiteko epea zabalik dago ekainaren 5etik, eta prezioa 338 eurotik 1.690 eurora bitartekoa da, tasak barne. 

Prestakuntzak ezagutzak eta trebetasunak eskaintzen ditu politika publikoen ebaluazioak planifikatzeko, diseinatzeko, gauzatzeko eta aztertzeko. Gainera, tresna kuantitatiboak eta kualitatiboak integratzen ditu, ikuspegi kritiko, estrategiko eta diziplinarteko batekin, kudeaketa publikoa hobetzea eta ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartzeko urratsak bideratzea ahalbidetuko dutenak. Zehazki, Diploma bideratuta dago jakintza-arlo hauetara: gizarte zientziak, gizarte lana, lan harremanak eta giza baliabideak, soziologia, politika zientzia eta nazioarteko harremanak. 

Osotara 25 ikaspostu eskaintzen dira, eta honako hauek dira sartzeko baldintzak: Nafarroako Gobernuko langilea izatea, politika publikoen zikloan esku hartzea, aholkularitzako profesionala izatea edo gai horretan interesa izatea. Programa sortu da Nafarroako Gobernuko Politika Publikoen Plangintzako, Koordinazioko, Berrikuntzako eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiarekin eta I-COMMUNITAS Institutuarekin lankidetzan.