Joan eduki nagusira

Eva Fernández Zurilla Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) prestakuntzaldiko ikertzaileari poster zientifiko onenaren saria eman diote Unibertsitateen G-9 Taldearen XII. Doktoretza Jardunaldietan eta Taldearen Dibulgazio Zientifikoko VII. Jardunaldietan. Jardunaldiak Extremadurako Unibertsitatean egin dira duela gutxi. Doktoregaia Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen kategorian saritu dute, eta lehiaketan bere lanaren originaltasuna, kalitate metodologikoa eta aurkeztutako ikerketen komunikatzeko gaitasuna aitortu dute. Jardunaldiek Taldeko unibertsitate guztietako 70 bat lagun elkartu zituzten.

zoom g9 doctoranda premiada

G-9 Taldearen Doktoretza Jardunaldietan eta Dibulgazio Zientifikoko Jardunaldietan sarituak. Eva Fernández, NUPekoa, laugarrena ezkerretik, goiko lerroan.

Eva Fernández Unai Belintxon Martín irakaslearekin ari da egiten tesia Nazioarteko Zuzenbide Pribatuaren arloan, “Ekintza zuzena nazioarteko garraioan: Europako Zuzenbideko eta nazioarteko zuzenbide pribatuko gaiak” izenburupean. 

Jardunaldi horiei esker, hainbat diziplinatako doktoregaien arteko esperientziak trukatu dira, haien ikerketak zabaldu dira eta ibilbide akademiko tradizionaletik harago dauden irtenbide profesional berriak esploratu dira, eta doktoregaiek enpresetarako berrikuntza-eragile gisa duten funtsezko zeregina azpimarratu da. Bestalde, Dibulgazio Zientifikoko Jardunaldiek gazte ikertzaileak sentsibilizatu dituzte ezagutza gizarteratzeko premiaz, eta estrategia eta tresna praktikoak eman dizkiete komunikazio eraginkor, zorrotz eta eskuragarri bat izateko.

Unibertsitateen G-9 Taldea

Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, bai eta Murtziako Unibertsitatea entitate laguntzaile gisa eta Burgosko Unibertsitatea eta La Lagunako Unibertsitatea ere, zeinek modu aktiboan parte hartzen baitute taldearen prestakuntza-planetan.