Joan eduki nagusira

Atzo, igandea, ekainak 15, hasi zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Enpresaren Zuzendaritzako eta Ekonomiako Elkarte Zientifikoaren (ACEDE) Biltzarra, eta bihar, asteartea, ekainak 17, amaituko da. “Sustraietara itzuli enpresaren etorkizuna birpentsatzeko: muga berriak” goiburupean, biltzarrak 530 parte-hartzaile inguru bildu ditu hogei bat herrialdetako ikertzaile, unibertsitateko irakasle eta doktoretzako ikasleen artean. Ingurune global eta aldakor batean antolaketa-kudeaketak dituen erronka nagusietan zentratutako 400 lan akademiko baino gehiago aurkeztu eta eztabaidatuko dira hiru egunez. Bilera zientifikoan aztergai diren gaien artean aipatzekoak dira digitalizazioa, eta bereziki zentratzen da adimen artifizialak goi mailako hezkuntzan eta pertsonen kudeaketan duen eraginean, eta jasangarritasunean, funtsezko ardatza baita erakundeen lehiakortasunerako eta epe luzean bizirik iraun dezaten. 

zoom congreso acede

NUPen egiten ari diren Enpresaren Zuzendaritzako eta Ekonomiako Elkarte Zientifikoaren (ACEDE) biltzarreko parte-hartzaileak.

Biltzarra gaur, astelehena, ekainak 16, inauguratu dute, eta bertan izan dira Martin Larraza Kintana NUPeko Ikerketako errektoreordea, Juan Luis García Martín Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Xosé H. Vázquez Vicente ACEDEko burua eta Vigoko Unibertsitateko katedraduna eta Teresa García Marco Iruñeko ACEDE 2025 Biltzarreko buru eta NUPeko katedraduna. 

“Eztabaida akademikoaren ardatza izanen da nola zuzendu enpresa-erakundeak mundu globalizatu eta lehiakor batean, eta, gainera, eredu jasangarrietarantz urratsak egiteko erronkari helduz— azaldu du Teresa García Marco katedradunak, zeina biltzarra antolatzen duen tokiko batzorde zientifikoaren burua baita —. Eztabaidagai izanen da nola erabili teknologia balioa sortzeko, enpresetan lan egiten dutenei erabakitzeko ahalmena emateko erabakiak har ditzaten, nola aldatu antolaketa-egiturak eta nola bultzatu lidergoaren estilo eta forma berriak, besteak beste”.

zoom congreso acede

Ezkerretik eskuinera: Xosé H. Vázquez, Martin Larraza, Juan Luis García Martín eta Teresa García Marco, biltzarraren inaugurazioan.

Ikerketa-lerro berriak

Biltzarrak baditu hamasei “Special track”, ikerketa-lerro berrietan zentratutako gune tematiko berriak, eta orobat izanen ditu doktoretzako lantegiak, eztabaida-mahaiak eta bilerak aldizkari zientifikoetako editoreekin. Gainera, bi hitzaldi magistral emanen dituzte nazioarteko proiekzioko espezialistek: Silvia Dorado-Banacloche Massachusettseko Unibertsitateko (Boston, EEUU) irakaslea, zeinak aztergai izanen baitu ekintzailetza inklusiboaren zeregina baliabide gutxiko testuinguruetan; eta Javier Gimeno INSEADeko irakaslea (Paris, Frantzia), enpresa-estrategian espezializatua.

Gainera, eztabaida akademiko bat eginen da, eta hizlari ospetsuek parte hartuko dute, hala nola Luis Gómez-Mejía (Arizona State Universityko ikertzailea), enpresen administrazioaren arloko egile aipatuenetako bat, Vicente Salas Fumás (Gobernu Kontseiluko eta Espainiako Bankuko Batzorde Betearazleko kide ohia), Carmen Cabello Medina (Sevillako Pablo de Olavide Unibertsitateko katedraduna), Alfonso Novales Cinca (Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko katedraduna) eta Emilio Huerta Arribas (NUPeko ohorezko irakaslea).

NUPen koordinazioa

ACEDEk antolatua, NUPeko Enpresen Kudeaketa Saileko irakasle eta ikertzaileek koordinatu dute biltzarra, eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen, Sailaren eta erakunde akademikoko Enpresa Familiarraren Katedraren babesa du. 

“Biltzarrak aukera eskaintzen die “managementaren” esparruko ikertzaileei esparru horretan erreferentzia direnekin harremana izateko, eta graduondoko ikasleei ere aukera paregabea eskaintzen die arlo horri buruzko eztabaida zientifiko berrienean parte hartzeko eta ikasteko”, esan du Teresa García Marco NUPeko INARBE Institutuko ikertzaileak (Institute for Advanced Research in Business and Economics).

Enpresen kudeaketari buruzko komunitate akademikoa

Enpresaren Zuzendaritzako eta Ekonomiako Elkarte Zientifikoa (ACEDE) 1990ean sortu zen, eta komunitate zientifiko bat da, enpresen eta beste erakunde batzuen kudeaketa aztertzen eta aldatzen duena ikerketaren eta irakaskuntzaren bidez eta gizartearekin eta bere erakundeekin lankidetzan jardunez. Egun 800 bazkide baino gehiago ditu, eta atalka dago antolatuta: estrategia, giza baliabideak, marketina, finantza ekonomia, eragiketak, nazioarteko zuzendaritza, familia-enpresa, ekintzailetza, eta enpresa eta gizartea.