Joan eduki nagusira

Eduardo Jiménez Ruiz industria-ingeniariak (Tutera, 1977) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu du bere doktoretza-tesia. Tesiak aztergai du nola hobetu bero-ponpetako kobrezko hodien bizitza erabilgarria, lehorgailuak edo aire girotuak bezalako etxetresna elektrikoen ohiko osagaia baitira. Ikerketak eredu bat garatu du, aztergai duena sistema horiek funtzionatzen duten bitartean jasaten dituzten bibrazioek eta bestelako ahaleginek nolako eragina duten, egon litezkeen akatsei gertatu baino lehen aurrea hartzeko eta, horrenbestez, diseinua hobetzeko eta bizitza erabilgarria luzatzeko.

zoom Eduardo Jiménez Ruiz, NUPeko doktore berria.

Eduardo Jiménez Ruiz, NUPeko doktore berria.

Ikerketaren helburuetako bat izan da ulertzea nola jokatzen duten hodi horiek konpresoreak sortzen dituen karga errepikatuen aurrean. Konpresoreak gasa bultzatzen du bero-ponpetan, eta bibrazioak sortzen ditu funtzionatzen duen bitartean. Horretarako, eredu bat garatu da, diseinuaren bidez aukera ematen duena aurreikusteko nola bibratuko duen sistema osoak. Hori garrantzitsua da, zeren bibrazioak bat badatoz zenbait maiztasun naturalekin (objektu batek zer erritmotan bibratzen duen), kalteak eragin baititzakete materialetan behar baino lehenago. 

Ereduak kobrezko hodiak, konpresorea eta horiei eusten dieten euskarriak ditu, eta ordenagailu bidezko simulazioen bidez eraiki da. Simulazio horiek zehatzak izateko, materialaren propietateak zehatz-mehatz ezagutu behar izan dira, bereziki, zurruntasuna. Hodi horietan erabilitako kobreak ezaugarri bat edo beste izan dezake fabrikatu den modua zein den, eta, horrenbestez, tesiak metodo erraz bat proposatzen du zurruntasun hori mikrofonoekin bildutako soinuen bidez neurtzeko.

Nekeak eragindako haustura

Sistemak bibrazioen aurrean nola jokatzen duen aztertzeaz gain, ikerketak datuak bildu ditu jakiteko zenbat iraun dezaketen hodi horiek nekearen eraginez hautsi baino lehen, hau da, tentsio txikiak denboran zehar izan duten eragin metatuagatik. Erabilitako kobre motari buruzko datu espezifikorik ez dagoenez (Cu-DHP), antzeko konposizio kimikoa duten antzeko kobreei buruzko informazioan oinarritu da ikerketa, eta haren bizitza erabilgarria zein faktorek laburtu edo luza dezaketen aztertu du.

Hodi horiek zenbat iraunen duten kalkulatzeko, metodo sinplifikatuetan oinarritutako ordenagailu bidezko simulazioak erabili dira, zehaztasuna galdu gabe denbora eta baliabideak aurrezteko aukera ematen dutenak. Simulazio horiek benetako proben bidez baliozkotu dira, eta presioa eta flexio-indarrak aplikatu zaizkie hainbat lodieratako hodiei. Emaitzek berretsi dute proposatutako eredua fidagarria dela, Eduardo Jiménezen arabera beste eredu batzuk “bezain kontserbadorea” ez bada ere. Beste hitz batzuk erabiliz, eredu berriak ez du beste batzuek adina puzten hausteko arriskua. Modu errealistagoan kalkulatzen du, segurtasun-tarte hain zabalak aplikatu gabe.

Hodiak hausteko hiru modu

Saiakuntzetan hodiak hausteko hiru modu identifikatu dira, zeinak kontuan hartu baitira hodiek zenbat iraun dezaketen kalkulatzeko. Azkenik, ingeniaritzan ohikoa den metodo bat erabili da kargek denboran zehar eragiten duten higadura metatua kalkulatzeko. Nolanahi ere, lanak azpimarratzen du proba gehiago egin beharko liratekeela kalkulu horien zehaztasuna hobetzeko.

Etorkizuneko lerro modura, ikerketak proposatzen du hodietako deformazioak zuzenean neurtzea, sentsore espezifikoen bidez (galga estentsometrikoak). Horretarako, sortutako ereduak aukera ematen du zehazteko hodi-elementuen zer puntutan kokatu behar diren sentsoreak, deformazio iraunkorra izan dezaketen guneak saihesteko.

Carlos Berlanga Labari NUPeko Ingeniaritza Saileko irakasle titular eta Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutuko (INAMAT²) ikertzaileak eta Rubén Lostado Lorza Errioxako Unibertsitateko Ingeniaritza Mekanikoko Saileko katedradunak zuzendu dute Eduardo Jiménezen doktoretza-tesia.

Curriculum laburra

Eduardo Jimenezek Industria Ingeniaritzako titulua lortu zuen 2002an NUPen, eta ikasketa horietan Hochschule Niederrhein-Krefeldeko (Alemania) Zientzia Aplikatuen Unibertsitatean egonaldia egin zuen Erasmus programari esker. Gero, Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako Masterra (2006) eta doktoretza egin zituen Nafarroako erakunde akademikoan, eta doktoretza aurten amaitu du doktoretza tesiaren defentsarekin.

NUPeko doktore berriak Alemanian hasi zuen bere lan ibilbidea, Siemenseko Parke Teknologikoan, Mülheim an der Ruhr-en. Bertan, hamar hilabetez lan egin zuen, erasmus ikasle gisa, Lurrunezko Turbinen Errotorearen Dinamika Saileko I+G-ko proiektu batean. Ondoren, Meggitt Electronics (garai bateko Nacesa, Tutera), Knorr-Bremse (lehen Icer Rail, Iruñea) eta BSH Electrodomésticos (Eskirotz) enpresetan aritu da ingeniari-lanetan. Orobat NUPeko irakasle elkartua izan da lau ikasturtez (2008tik 2012ra bitartean), Makinen Diseinua irakasgaia eman baitzuen.