Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Enerclusterreko (Foru Komunitateko energia berriztagarrien klusterra) zuzendaritza-batzordeko kide den aldetik, Energia Trantsiziorako Industriaren Nazioarteko IV. Biltzarraren (CITE25) antolaketan parte hartzen ari da. Biltzarra urriaren 23an eginen da, Iruñeko Baluarte Biltzar Jauregian. Ekitaldiak sektore berriztagarriko 400 profesional baino gehiago bilduko ditu, eta berrogeita hamar hizlari inguruk parte hartuko dute, gehienak zuzendariak eta nazioarteko erreferentziazko adituak.

zoom Enpresa eta agintariak, biltzarraren aurkezpenean.

Enpresa eta agintariak, biltzarraren aurkezpenean.

Biltzarra bi urtez behin egiten da, eta Enerclusterrek bultzatzen du, Nafarroako Gobernuaren lankidetzarekin eta energiaren arloko erakunde babesleen sare zabal baten inplikazioarekin. Aurtengo edizioak Europako industria berriztagarriak dituen erronka eta aukeretan jarriko du arreta, araudi-aldaketek, tentsio geopolitikoek, eraldaketa teknologikoak eta energia garbiak sare elektrikoan integratzeko erronkek baldintzatutako testuinguruan.

Biltzarraren programa eta hizlariak

Topaketan, hiru eztabaida mahai eginen dira arlo eolikoko, Europako hornidura kateko eta proiektu berriztagarrien garapeneko enpresetako arduradunekin. Gainera, nazioarteko panel bat eta zenbait gaikako saio eginen dira, besteak beste, biltegiratze energetikoari, mantentze-lanei (O & M), sareko berriztagarrien integrazioari eta hidrogeno berdeari buruzkoak.

Hizlarien artean, nabarmentzekoak dira Arantza Ezpeleta (Acciona Energiako CEOa), Joao Costeira (Repsol Renovableseko CEOa), José Luis Blanco (Nordexeko CEOa), Adolfo Rebollo (Ingeteameko CEOa), Michael Larsen (SM Industrieseko CEOa) edo Bertrand Lechacheux (Holosolisko CEOa), sektoreko erreferentziazko beste figura batzuen artean.

Izen-emateak biltzarraren webgune ofizialaren bidez egiteko aukera dago (www.congresocite.com), eta tarifa murriztua izanen da abuztua arte.