Joan eduki nagusira

G-9 Taldearen Nazioarteko Harremanetako arloko batzordeak urteko lehen bilera egin du Concepción López Kantabriako Unibertsitateko errektorearen lehendakaritzapean lehenengo aldiz. Errektorea otsailean jabetu zen karguaz. Bilera telematikoa egin da, eta kide berriek parte hartu dute azken hilabeteetako hauteskunde-prozesuen ondoren, eta baliagarria izan da G-9 Taldea osatzen duten unibertsitateetako nazioartekotzeko arduradunen artean lehen harremana izateko eta aurkezpenak egiteko.  Bileran, taldeak nazioartekotzearen arloan dituen ildo estrategikoak eta azken arau-aldaketen eragina izan dituzte mintzagai.

Landutako gaien artean, garrantzia berezia izan du 1155/2024 Errege Dekretuaren eraginarekiko kezkak, ikasle, ikertzaile eta irakasle bisitarientzako bisatuei dagokienez, bai eta duela gutxi onetsitako EFD/550/2025 Aginduarekiko kezkak ere, zeinak Europar Batasunetik kanpokoak diren edo hitzarmenik gabeko herrialdeetakoak diren ikasleen sarbideari eragiten baitio.   “Arau-aldaketek eragindako ziurgabetasuna dela eta, proposatu da kontsultak modu bateratuan bideratzea Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziaren (CRUE) arloko batzordeen bidez, interpretazio argiak lortzeko eta G-9 Taldearen bidez koordinatutako jarrera bat sustatzeko”, eman du aditzera taldeak. Orobat proposatu du unibertsitate bakoitza testuinguru horretan hartzen ari den neurriak partekatzea eta batera zer ekintza egin daitezkeen aztertzea.

Taldeak gai horiek lantzen jarraituko du elkarlanean, eta bere kezken berri emanen du CRUEren nazioartekotzeko arloko batzordearen hurrengo bileran. Bilera ekainaren 24an eta 25ean eginen da Jaenen.

Unibertsitateen G-9 Taldea

Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, bai eta Murtziako Unibertsitatea entitate laguntzaile gisa eta Burgosko Unibertsitatea eta La Lagunako Unibertsitatea ere, zeinek modu aktiboan parte hartzen baitute taldearen prestakuntza-planetan.