Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Traumaren Arreta Zentroak (CAT) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute “Sexu-esplotazioaren biktimen ezaugarri soziodemografikoak eta ondorio psikologikoak” ikerketa-proiektua garatzeko.  Akordio horren arabera, Satoko Koijma Hoshino psikologo eta elkartearen buruak gai horri buruz eginen du doktoretza-tesia NUPen, eta Javier Fernández Montalvo Psikopatologiako katedraduna izanen da tesiaren zuzendaria.

zoom Javier Fernández Montalvo eta Satoko Koijma Hoshino, NUPen.

Javier Fernández Montalvo eta Satoko Koijma Hoshino, NUPen.

Ikerketak lau urteko iraupena izanen du, 2029ra arte. Helburu hauek izanen ditu: prostituzioan dabiltzan emakumeen eta sexu-esplotazioaren biktimen ezaugarri soziodemografikoak identifikatzea; esplotazio hori zer testuingurutan eta nola gertatu den azaltzea; esplotazio-modalitateen arteko aldeak zein diren zehaztea; tartean dauden erakunde kriminalen egiturak eta funtzionamendua deskribatzea; eta, azkenik, prostituzio-egoeran dauden emakumeen eta sexu-esplotazioaren biktimen sintomatologia psikopatologikoa zehaztea, bai eta egun dituzten beharrena ere. Ikerketaren helburua izanen da esparru horretan oraindik dagoen ezagutza urria handitzea eta biktimen errealitatera hobeto egokitzen diren politika publikoak diseinatzen laguntzea.

Lagina 50 emakumek osatuko dute. Emakume horiek prostituzioa, emakumezkoen salerosketa edo sexu-esplotazioa bezalako egoeretan bizi izandakoak izan behar dute. CAT elkarteko erabiltzaileen artean edo beste erakunde edo zerbitzu publiko eta pribatu batzuen bidez aukeratuko dituzte. Laneko metodologia elkarrizketa erdi-egituratua izanen da, eta haien bizitzako istorioak eta lekukotasunak jasoko ditu, bai eta ebaluazio psikologikoa ere.

Nafarroako datu eta egoeren berri izateko zailtasunak

CATen arabera, “ikerketek erakusten dute buru-nahasmenduen prebalentzia handia dagoela biktimengan, eta, gainera, sintoma fisiko ugari dituztela”, hala nola depresioa, antsietatea, estres larria, egokitze-nahasmenduak, buruko minak edo memoria-zailtasunak, besteak beste. Elkarteak azaldu duenez, trauma osteko estresa da patologia nagusienetako bat, emakumezkoen salerosketan eta prostituzio-testuinguruetan jasaten diren indarkeria ugariengatik.

Ikerketa-proiektuan azaltzen denez, emakume horiek artatzeko zenbait zailtasun daude, eta horien artean aipatzekoak dira sistematikoki engainatuak izan diren emakumeen konfiantzarik eza eta beldurra, kultura- eta hezkuntza-arrakala, lekuko babestuaren kalifikazioa duten biktimengana hurbiltzean beharrezkoa den kontua edo hizkuntza-eragozpenak.

Nafarroako Foru Komunitateko egoerari dagokionez, CATek dioenez, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak argitaratutako txostenaren arabera (INAI, 2022), zerbitzu publikoek emakumezkoen salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktima izateagatik 2022an artatu zituzten emakumeen % 69,49 afrikarrak ziren, eta % 67 Nigeriakoak. % 26 Latinoamerikako emakumeak ziren, % 2,5 Txinako emakumeak eta % 2 Europako emakumeak.

“Une honetan, prostituzioa ohiko klubetatik prostituzio-pisuetara igaro da, ikusezintasuna handitu eta segurtasun indarren kontrola zailtzen baita horrela”, esan du CATek.

Traumaren Arreta Zentroari buruz

Traumaren Arreta Zentroa irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, Nafarroakoa, osasun mentalaren arloko sustapen- eta prebentzio-lana egiten du, eta arreta berezia eskaintzen die gizarte-bazterketako egoeran dauden taldeei, migratzaileei eta indarkeriaren biktimei.  Bere lanaren ardatzak dira prestakuntza, ikerketa eta esku-hartze psikologikoa. “No Wahala” Pertsonen Salerosketako Unitatea prostituzioko, salerosketako eta sexu-esplotazioko egoerak atzematen eta horietan esku hartzen espezializatuta dago, eta, zehatzago, salaketen prozeduretan.