Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gizarte Kontseiluak beste saio bat egin berri du bere bi klubekin (CEO kluba eta Finantza kluba). Saioak aztergai izan ditu mundu mailako egoera geopolitikoak negozioen ingurunerako dituen erronka eta mehatxuak. Topaketak “Enpresa-testuingurua: arriskuen mapa bat CEOentzat eta finantza-zuzendarientzat” zuen izenburua, eta enpresen zuzendaritzarekin eta kudeaketarekin lotutako hogeita hamar bat lagunek parte hartu zuten. Gizarte Kontseiluko Ekintzaileen klubeko kideek ere parte hartu zuten. Jordi Sevilla Segura (Valentzia, 1956) ekonomialari, ministro ohi eta LLYC aholkularitza-enpresako Testuingurua-Inteligentzia Unitateko egungo zuzendaria izan zen jardunaldian. Sevillak aztergai izan zituen Europako esparru ekonomikoa birdefinitzen duten eta Batasuna munduan duen papera birplanteatzera behartzen duten tentsio globalak.
Jordi Sevilla Espainiako Gobernuko Administrazio Publikoetako ministro ohiak (2004-2007) aztergai izan zituen ordena liberalaren gainbeheraren ondorioak eta Europan egiturazko erreformak egiteko premia. Azpimarratu zuen Europako eredu ekonomikoak hiru oinarri izan dituela (Errusiaren energia merkea, Txinaren produkzio industriala eta Estatu Batuek bermatutako segurtasuna). Egun hiru oinarri horiek krisian daude. Sevillaren iritzian, erronka nagusia ez da ekonomikoa, demokratikoa baizik, mugimendu “neoerreakzionarioak” (“ilustrazio iluna” deitu zien) gorantz ari baitira eta nazioarteko lankidetza ahultzen.
Mónica Cortiñas NUPeko Ugalde Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordeak aurkeztu zuen Jordi Sevilla. Ministro ohiak orobat aztergai izan zuen Txinaren garrantzi gero eta handiagoa mendebaldeko ordenaren alternatiba gisa. Nabarmendu zuen Asiako erraldoia autosufizientzia teknologikoan eta hedapen komertzialean oinarritutako arkitektura global berri bat eratzen ari dela, eta, bi helburu horiek lortzeko, Europarekin aliantza pragmatikoak egiteko prest dagoela. Alde horretatik, defendatu zuen Europar Batasunak berriz pentsatu behar duela zein den mundu mailan duen zeregin estrategikoa ez badu atzean geratu nahi.
Ministro ohiak ohartarazi zuen Europako Hitzarmen Berdearen ezarpenak dituen ondorio sozialei eta eskuin muturrak kontinentean duen gorakadari buruz. Estatuak sektore estrategikoetan esku-hartze handiagoa izatea aldeztu zuen, eta “bi erritmoko” Europa bateranzko urratsak egitea, horri esker integrazioarekin konpromiso handiena duten herrialdeek erreforma garrantzitsuak eginen baitituzte hainbat arlotan, hala nola fiskalitatea, defentsa eta energia.


Gizarte Kontseiluko Finantza klubeko eta Ekintzaileen klubeko kideak hizlariarekin (4.a ezkerretik) topaketa amaitzean.
Gizarte Kontseiluko klubak
CEO kluba, Nafarroako enpresetako arduradun gorenek osatua, eta Finantza kluba, Nafarroako finantza-erakundeetako zuzendaritzako kideek osatua, NUPeko Gizarte Kontseiluak sortutako zortzi klubetako bi dira, Ekintzaileen kluba bezala. Ekintzaileen klubean ordezkatuta daude Foru Komunitateko ekintzaile garrantzitsuenetako batzuk.
Klub profesionalen sorrera Gizarte Kontseiluak profesionalei orientatutako prestakuntza jarraituari buruz duen lan ildoaren barruan dago, eta Gizarte Kontseiluari buruzko Foru Legean ezarritakoari erantzuten dio, haren arabera Kontseiluari baitagokio "Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaskuntza-arduradunekin batera, prestakuntza jarraiturako eskaintza sustatzea lanean ari diren profesionalentzat, eta haien beharretara egokitua".
Gizarteak erakunde akademikoan parte hartzeko duen organo kolegiatua da Gizarte Kontseilua, eta Foru Komunitateko sare ekonomiko eta sozialaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko harremanetarako elementua da.