Joan eduki nagusira

Ekainaren 13an, ostirala, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Gerra zibilean eta lehen frankismoan Nafarroako abokatuek jasandako garbiketa eta errepresioa” izeneko jardunaldia antolatuko du, eta NUPeko eta beste erakunde batzuetako ikertzaileek parte hartuko dute. Saiorako sarrera librea da, eta Bisitazioko Amen eraikineko Pinaquy aretoan eginen da 9:30etik 13:30era, eta arratsaldez 16:00etatik 18:00etara gutxi gorabehera. Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoak eta Amaia Álvarez NUPeko ikertzaileak aurkeztuko dituzte hitzaldiak.

zoom NUP.

NUP.

Miguel Pino Abad Kordobako Unibertsitateko irakasleak emanen du hasierako hitzaldia “II. Errepublikaren garaian Nafarroan errepresaliatutako magistratuak” izenburupean. Jarraian, Josu Santamarina Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtseko ikertzaileak aztergai izanen du 1936tik 1945era bitartean legelariek jasan zuten errepresioa. Kafea hartzeko atsedenaldiaren ondoren, Gemma Piérola eta Amaia Álvarez NUPeko irakasleek eta Ángel García-Sanz Marcotegui eta Isabel Lizarraga historialariek esku hartuko dute. Bigarren zatian, Nafarroako emakumezko abokatuen historia izanen dute aztergai, eta arreta berezia eskainiko zaie Matilde Huiciri eta Julia Álvarezi.

Arratsaldean, saioa bi pertsona hauetan zentratuko da: Mariano Sáez Morilla (Eduardo Martínez Lacabe historialariak azalduko du nor zen) eta María Lacunza (Alazne Irigoien eta Iván Pastoriza Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek izanen dute aztergai). Amaierako hitzaldiaren izenburua “Abokatutzaren errepresioa: Europako erregimen totalitarioen begirada konparatua” da, eta Roldán Jimeno NUPeko katedradunak emanen du.