Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaileek diziplinarteko proiektu bat jarri dute martxan, eta proiektuak aztergai du kontakizun biografikoaren eta adimen artifizialaren erabilera etxez etxeko laguntzaren testuinguruan. Nuria Carcavilla González Osasun Zientzien Saileko ikertzaileak eta Sagrario Anaut Bravo Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko ikertzaileak zuzendu dute, eta bederatzi hilabeteko epean garatuko da.

zoom Ezkerretik eskuinera, Sagrario Anaut (NUP), Raquel Remón (Familiados), Nuria Carcavilla (NUP) eta Julia Peralta (Familiados).

Ezkerretik eskuinera, Sagrario Anaut (NUP), Raquel Remón (Familiados), Nuria Carcavilla (NUP) eta Julia Peralta (Familiados).

Ekimena Familiados erakundearekin (ikerketa finantzatzen du eta etxez etxeko laguntza eskaintzen du Nafarroan eta Aragoin) eta Amaia Cuidarekin (adimen artifizialean oinarritutako tresna digital bat garatzeaz arduratzen den enpresa) lankidetzan ari dira garatzen. Aplikazio horri esker, adinekoen bizi-testigantzak modu egituratuan jaso eta kontakizun biografiko eskuragarri bihur daitezke.

Azterlanak ebaluatuko du nola eragiten duen, teknologia horren bidez, historia pertsonala berreskuratzeak adinekoen ongizate emozionalean, bizi-zentzuan eta nortasun narratiboan, bai eta etxean laguntzen dietenen gogobetetasun profesionalean eta higadura emozionalean ere. Ikerketak metodo kuantitatiboak eta kualitatiboak konbinatuko ditu, eta galdetegi balidatuak, elkarrizketak eta sortutako kontakizunen analisi narratiboa integratuko ditu. 

Erronka sozial handienetako bati emandako erantzuna

“Biztanleriaren zahartze progresiboa XXI. mendeko gizarte-, osasun- eta hezkuntza-erronka handienetako bat da. Testuinguru horretan, etxez etxeko laguntza zaintza-modu gero eta zabalduagoa da ”, adierazi dute NUPeko ikertzaileek. “Adinekoei beren etxeetan laguntzen dieten profesionalek eguneroko lotura iraunkorrak sortzen dituzte denboran, baina kasu askotan ez dute tresnarik zaintzen dituztenen bizitzaren historia sakonki ezagutzeko. Deskonexio horrek eragina izan dezake bai loturaren kalitatean, bai bi aldeen ongizate emozionalean”, azaldu dute.

NUPeko ikerketa-taldearen aburuz, sektore arteko lankidetza horrek etorkizun handiko bidea irekitzen du teknologia harremanen zaintzako prozesuetan txertatzeko, ikuspegi etiko batetik eta pertsonarengan zentratuta. “Estatuan azterlan aitzindaria da, eta etorkizuneko ikerketa-lerroetarako oinarriak ezarri nahi ditu, etxez etxeko laguntzari eta zahartzearen testuinguruan adimen artifizialaren erabilera arduratsuari aplikatuta”, adierazi dute ikertzaileek.

Familiadosen eta Amaia Cuidaren iritzian, proiektua “aukera bat da etxez etxeko laguntzaren esparruan berritzeko eta laguntza humanizatuko duten tresna berriak baliozkotzeko”. Proiektuan adierazten den bezala, bi erakundeak aktiboki ari dira esku-hartzea ezartzen eta landa-lanaren jarraipena egiten.