Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Espainiako Unibertsitateetako Psikologia eta Psikopedagogia Zerbitzuen Espainiako XXI. Topaketan parte hartu du. Topaketa maiatzaren 22an eta 23an egin zen Salamancako Pontifize Unibertsitatean.
NUP ordezkatuz parte hartu zuten Sara Mazo Bautista eta Irene Garde Orta psikologoek. Psikologo horiek Unibertsitateko Osasun eta Psikologia Laguntzarako Unitateko kideak dira. Unitate hori Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko Errektoreordetzaren mende dago. Parte-hartze horren bidez, NUP Psikologia eta Psikopedagogia Zerbitzuen Espainiako Elkartera (AESPPU) itzuli da, eta unibertsitateko komunitatearen ongizate integralaren zaintzarekin duen konpromiso instituzionala berretsi du.
Espainia mailako topaketak herrialde osoko 37 unibertsitatetako profesionalak elkartu zituen, unibertsitatearen esparruko osasun mentala etengabe hobetzen jarraitzeko, psikologia eta psikopedagogia zerbitzuen lana ikusarazteko eta esperientzia, ikerketa eta praktika onak partekatzeko asmoarekin.
Topaketaren garapena
Ekitaldian, NUPeko profesionalek unibertsitatearen Arreta Psikosozialeko Zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko dibulgazio-poster bat aurkeztu zuten, “ikasleei laguntzeko eta babes emozionala emateko garrantzitsua den ekimen bat”, azaldu dute. Horrez gain, batera egin ziren bi bileratan parte hartu zuten: batean zerbitzuetako zuzendariak elkartu ziren eta bestean egoiliarrak eta terapeutak. Bileretan eztabaidagai izan zituzten suizidioari aurrea hartzeko eta arreta emateko protokoloak edo unibertsitatearen testuinguruan dauden erronka berriak.
Topaketan, NUPeko ordezkariek ezagutzak trukatu eta esparruko beste profesional batzuekin batera gogoeta egin zuten, bai eta unibertsitateko psikologia-arretako zerbitzuak hobetzera bideratutako proposamen berriak ezagutu ere. “Gisa horretako ekimenen bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere komunitatearen ongizate emozionalari laguntzeko sarea indartzen jarraitzen du, eta ingurune akademiko osasungarri, ziur eta erresilientearen alde egiten du”, esan dute psikologoek.