Gaur, osteguna, ekainak 5, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Gobernuak programa bat inauguratu dute, lehengo unibertsitate-eskolei buruzko hitzaldiek, artxibo eta dokumentu funtsen aurkezpenek, lekukotasun pertsonalek, erakusketa batek eta mahai-inguru tematikoek osatua. Mende batez baino gehiagoz Nafarroako goi mailako hezkuntzaren zutabe izan ziren eskolak, eta NUP 1987an sortu ondoren unibertsitate-egitura berrian integratuta ziren.
Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak eta Juan Luis García Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak hasiera eman diote jardueren programari. Ekitaldiak ekainaren 13ra bitartean eginen dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan (NAPI). Horien artean, “Istorio pertsonalak. Lehengo unibertsitate-eskoletako dokumentuak NUPeko Artxiboan” erakusketa dago. Bertan, egoitzetako planoak eta argazkiak, irakasleei eta ikasleei buruzko datuak (1933ko lehen emakume perituaren fitxa barne) eta ikasteko praktikei eta bidaiei buruzko dokumentuak eta kontakizunak daude, besteak beste. Jardueren programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.
Gaur egin den inaugurazio-ekitaldian, eskola horien berri ematen duten eta gaur egun Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artxiboan dauden funtsak berreskuratzeko, kontserbatzeko eta sailkatzeko funtsezkoak izan diren pertsonak omen dituzte: Joaquim Llansó Sanjuan, Reyes Berruezo Albéniz, Olivia García Irigaray eta Esther Guibert Navaz.
Erakusketa eta jardunaldiko gainerakoak
Irekiera-ekitaldiaren ondoren, García kontseilariak eta Gonzalo errektoreak erakusketa bisitatu dute Roldán Jimeno Unibertsitateko idazkari nagusia gidari lanetan zela. Nafarroako Gobernuak 15.000 euroko laguntza eman du erakusketa diseinatu, produzitu eta zuzentzeko. Erakusketa honako erakunde hauekin lankidetzan eginen da: NUPeko Artxibo Nagusia eta Liburutegia, Nafarroako Artxibo Garaikidea, Nafarroako Errege Artxibo Nagusia eta Zaragozako Unibertsitateko Artxiboa.
Goizez hitzaldi bat egin da lehengo eskoletako funtsen protagonistekin, eta arratsaldean eskola hauei buruzko hasierako hitzaldia eginen da: Irakasletza, Nekazaritzako Perituak, Merkataritza, Gizarte Laguntzaileak eta Erizaintza. Eta amaitzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko orkestrak joko du. Programazioko gainerako ekitaldien artean, dokumentu-funtsen aurkezpenak eta hitzaldiak daude eskoletako protagonisten lekukotasunekin.


Ekitaldian omenduak, agintariekin batera. Ezkerretik eskuinera, María Jesús Goicoechea Tabar (Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko dekano ohia), Esther Guibert, Idoia Zabaleta NUPeko irakasle eta ekitaldiaren aurkezlea, Roldán Jimeno NUPeko idazkari nagusia, Eva Perujuániz Unibertsitateko zuzendari nagusia, Reyes Berruezo, Olivia García eta Joaquim Llansó.
Lehengo eskolei buruzko erakusketa ikusgai egonen da ekainaren 5etik 13ra bitartean, 08:00etatik 21:00etara NAPIko patioan (Navarreria kalea, 39); eta ekainaren 16tik 30era, 08:00etatik 15:00etara, leku berean. Uda ondoren, irailaren 5etik urriaren 30era, egonen da ikusgai NUPeko Sario eraikinean, 08:00etatik 21:00etara.