Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nutrizioa eta Bromatologia Arloko irakasleek prestakuntza-saio batzuetan parte hartu dute Aquabidek Iruñean dituen instalazioetan. Saioak kirol zentroko begirale edo entrenatzaileei zeuden zuzenduta. Helburua zen langile horiei ezagutza eta trebetasunak transmititzea, nutrizio-egoera baloratzeko teknikekin eta ariketa fisikora egokitutako dieta osasungarri baten ezaugarriekin lotutakoak. Débora Villaño Valencia NUPeko Nutrizioa eta Bromatologia Arloko irakasle titular eta ISFOOD Institutuko ikertzailea izan da prestakuntza-saioen burua.


Débora Villaño NUPeko irakaslea, Aquabideko langileekin batera. Ezkerretik eskuinera, Mónica González, Elisa Gayarre, Débora Villaño eta Yojanel Guevara.
Lehen moduluan, aztergai izan dituzte neurri antropometrikoetan eta bioinpedantzia elektrikoko neurrietan oinarritutako nutrizio-egoera baloratzeko oinarri teoriko-praktikoak eta eskuko dinamometriaren bidez giharren gaitasun funtzionala baloratzeko teknikak. Bigarren moduluan, nutrizioaren eta dietetikaren oinarri teoriko-praktikoetan sakondu da bizimodu osasungarri baten testuinguruan.
Prestakuntzaren xedea zen nutrizioaren eta dietetikaren oinarriak finkatzea dieta osasungarri bat izateko aholkularitza emateko. “Zehazki, aztergai izan ditugu anoak eta herritarrak nutrizioaren arloan heztera bideratuta dauden gida dietetikoak”, azaldu du irakasleak. Hala ere, “helburu terapeutikoak edo medikoak dituen aholkularitza dietetikoari buruzko prestakuntza prestakuntza-jarduera honen eremutik kanpo geratu da, aholkularitza mota hori nutrizionista gisa egiaztatutako profesional batek edo endokrinologian eta nutrizioan espezialista den mediku batek egiten baitu”, argitu du irakasleak.