Joan eduki nagusira

Balear Uharteetako Unibertsitateko ikertzaile-talde batek, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (NUP) batera, ikerketa zientifiko bat egin du, eta ikerketak erakusten du herritarrek hartutako konpromiso eta promesek duten eraginkortasuna hondakinen birziklatzean esku hartzerakoan. Palmako hondakinen kudeaketaz arduratzen den udal-enpresarekin (EMAYA) lankidetzan egindako ikerketak nabarmentzen du promesak ondorio iraunkorrak dituzten kostu txikiko estrategia bat direla.  

Ikerketa Palman egin zen (Balear Uharteak), eta 2018an edukiontzi digitalak jarri zituzten frakzio organikoa hondakinetatik bereizteko. Edukiontzietara sartzeko txartel bat erabili behar da. Edukiontzi horiei esker, ikerketan parte hartzea onartu zuten herritarren birziklatzeko ohiturei jarraipena egin zitzaien modu anonimoan eta denbora errealean.

zoom Íñigo Hernández ikertzailea, ikerketako partaidea NUPen aldetik, Arrosadiko campusean.

Íñigo Hernández ikertzailea, ikerketako partaidea NUPen aldetik, Arrosadiko campusean.

Konpromisoak hartzearen eraginkortasuna

Ikerketa 2019tik 2024ra bitartean egin zen, eta kanpaina batean parte hartu zen. Kanpaina horretan, ingurumen-hezitzaileen talde batek herritarrak birziklatze-sistema berriari buruz informatzera eta ikerketan parte hartzera gonbidatzen zituen. Osotara 1.500 parte-hartzaile baino gehiago bildu zituzten. Pertsona horiek kontrol-talde batean eta tratamendu-talde batean banatu zituzten. Kontrol-taldeak birziklatzeari buruzko informazioa jasotzen zuen, eta tratamendu-taldeak, berriz, informazio bera jasotzeaz gain, etxeko hondakin organikoak bereizteko konpromisoa hartzeko aukera zuen. Bi talde horien arteko alde bakarra zen konpromiso ez-lotesle hori sinatzeko aukera, hau da, bete ezean inongo zigorrik ez zuena.

Ikerketaren arabera, lortutako emaitzak argigarriak izan ziren: konpromiso ez-lotesleei esker frakzio organikoa bereizten zutenen kopurua handitu zen.  Bereziki, konpromiso ez-lotesleei esker, batez beste % 4-5 handitu zen parte-hartzea datuak ikertu ziren 4 urteetan. Horrek esan nahi du % 30 handitu zela birziklatzeko parte-hartzea.

Hainbat urtetako datuek erabiltzeko aukera izan baitzuten, ikertzaileek egiaztatu zuten eragina  lehen asteetan zertxobait handiagoa izan bazen ere, % 4,5eko langan egonkortu zela, eta kopuru hori izan zuela gainerako ikerketa-aldian. Horrek guztiak “agerian uzten du jokabidean esku-hartze txiki batzuk egiteak zer-nolako garrantzia duen aldaketa jasangarriak sortzeko herritarren ohituretan eta sozialki arduratsuak diren jokabideak indartzeko”, esan du ikerketa-taldeak.

Politika publikoen ebaluazio zorrotzaren aldeko apustua

“Lanak garrantzi handiko ebidentzia enpirikoa eskaintzen du eztabaidatzeko ea zer politika diren eraginkorrak birziklatzea eta trantsizio ekologikoa sustatzeko”, esan du Iñigo Hernández NUPeko ikertzaileak. “Gainera, unibertsitateen, administrazio publikoen eta enpresen arteko lankidetzak sustatzearen garrantzia azpimarratzen du, baita unibertsitateak politika publikoen ebaluazio zorrotzean eragile independente gisa izan dezakeen funtsezko zeregina ere”, zehazten du.

Ikerketaren emaitzak “Proceedings of the National Academy of Sciences” (PNAS) aldizkariaren argitalpen batean jaso dira. Eduard Alonso Paulí, Pau Balart eta Lara Ezquerra Balear Uharteetako Unibertsitateko Enpresaren Ekonomia Saileko doktoreek eta Iñigo Hernández Arenaz Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ekonomia Saileko eta Institute for Advanced Research in Business and Economics-ko (INARBE) doktoreak idatzi dute.