Aste honetan, International Symposium on Optical Sensors (ISOS 2025) sinposioa eginen da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Lehen aldiz Txinatik kanpo eginen den sentsore optikoei buruzko biltzar bat da. Sinposioak sentsore optikoei buruzko 50 espezialista bilduko ditu Iruñean. Hainbat herrialdetakoak dira, hala nola Japonia, Txina, Italia, Irlanda, India, Brasil eta Espainia. Bilera zientifikoaren xedea gailu horiek dira (sentsore optikoak), argiaren erabileraren bidez propietate fisikoak, kimikoak edo biologikoak detektatu eta neurtzen dituztenak. Zehaztasun handiari eta datuak denbora errealean emateko duten gaitasunari esker, osasuna, ingurumena, industria, komunikazioak eta segurtasuna bezalako esparruetan erabiltzen dira. “Funtsezko tresnak dira gizarte modernoan, ongizatea eta garapen iraunkorra lortzen laguntzen duten prozesuak zehaztasun handiz monitorizatzeko eta kontrolatzeko aukera ematen baitute”, laburbildu du Carlos Ruiz Zamarreño erakunde akademikoko katedradun eta batzorde antolatzailearen arduradunak.


Nazioarteko ikertzaileak Pinaquy aretoan (Bisitazioko Amen eraikinean), sentsore optikoei buruzko biltzarraren hasieran.
NUPek antolatu du jarduera sentsore optikoen esparruko bertako espezialistek (Smart Cities Institutukoek (ISC) eta erakunde nafarreko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailekoek) eta nazioarteko adituek osatutako batzorde antolatzaile baten laguntzarekin. IEEE Sensors Council erakundeak babesten du Seasonal Schools hezkuntza-programaren bidez. IEEE Sensors Council Ingeniari Elektriko eta Elektronikoen Institutukoa da. Azken ekimen horri esker unibertsitateko komunitateak saioetara libreki sartzeko aukera du NUPeko Ikerketa Institutuen bidez. Institutuek ere parte hartzen dute ekitaldian. Orobat IEEE Sensors Councilen Espainiako eta Italiako kapituluen babesa jaso du biltzarrak. Erakundearen Women in Sensors (WiSe) programak bat egin du sinposioarekin, emakumeek esparru horretan parte har dezaten sustatzeko.
“NUP egoitza izateko aukeratu dute sentsore optikoei buruzko ikerketan egin duen ibilbideagatik eta Iruñean dagoelako, gisa horretako topaketak egiteko ingurune zientifiko, kultural eta sozial aproposa duen hiri bat —esan du Carlos Ruiz ISC Institutuko ikertzaileak—. ISOS 2025 sinposioa NUPen egitea aukera paregabea da erakundea erreferentzia bihurtzeko sentsore optikoen esparruan, nazioarteko lankidetza sustatzeko eta ikerketa eta berrikuntza teknologikoarekin duen konpromisoa nabarmentzeko”.
Eztabaida foroa eta lankidetza
ISOS 2025 sinposioaren helburu nagusia da foro bat eskaintzea sentsore optikoen arloan liderrak diren hainbat herrialdetako ikerketa taldeen arteko eztabaidarako eta lankidetzarako. Programaren barruan daude hitzaldi magistralak, ponentzia gonbidatuak (horien artean, NUPeko bi katedradunek parte hartuko dute: Manuel López-Amo Sainz eta Ignacio del Villar Fernández), saio teknikoak eta doktoretzako ikasleek egindako posterren lehiaketa bat. Ikasleek beren lanak aurkeztu eta gainerako parte-hartzaileekin eztabaidatuko dituzte.
Biltzarrean landutako gaien artean daude zuntz optikozko sentsoreak, optika integratuko sentsoreak, sentsore optiko banatuak, sentsore kimiko optikoak eta biosentsoreak. “Programa teknikoaren barruan gai berriak daude, hala nola adimen artifizialaren eta detekzio optikoaren arteko konbinazioa, optika integratuko diseinu berritzaileak eta sistema berrien garapena bibrazioen eta tenperatuaren monitorizazio banaturako edo trafikoaren kontrola denbora errealean —azaldu du Carlos Ruizek—. Joera horiek aurrerapen esanguratsuak dira teknologia modernoak sentsore optikoekin integratzeko”.
Ekitaldiaren programan dago NUPeko bi ikerketa-talderen parte-hartze aktiboa: Sensors, Ignacio R. Matías Maestro katedradunak zuzendua, eta Komunikazio Optikoak eta Aplikazio Elektronikoak, Manuel López-Amok zuzendua. Unibertsitateak partzialki finantzatu du sinposioa jarduera zientifikoetarako laguntzen deialdiaren bidez.
Bere alderdi zientifikoaz gain, ISOS 2025 sinposioak badu programa sozial bat. Horren barruan prestatu dira ongietorri-harrera bat, zeina atzo egin baitzen Bisitazioko Amen eraikineko Pinaquy aretoan, hirian zehar egindako bisita gidatu bat eta gala-afari bat Pamplona Catedral hoteleko jatetxean.