Joan eduki nagusira

Aste honetan, UNITA unibertsitateetako ikertzaileen topaketa bat egiten ari dira NUPen. Trantsizio digitalaren arloan dago zentratuta, aliantzarentzat lehentasuna duten arloetako bat.  Bi egunetan, maiatzaren 29an eta 30ean, “Informazioaren teknologiak eta komunikazio jasangarri eta ziurrak Antropozenoko gizarte digitalarentzat” lelopean, aztergai izan dituzte hainbat esparru honako hauekin lotura dutenak: IKT jasangarriak, informazioaren eta komunikazioen prozesatzea, IoT, zibersegurtasuna, fabrikazio aurreratua eta 4.0 industria, beste gauza batzuen artean.   

zoom matching event

NUPen egindako “matching event” ekitaldiko parte-hartzaileak.

Topaketa zuzenduta dago interes berak dituen eta teknologia digital jasangarri eta seguruetan modu kolektiboan lan egin nahi duten arlo zientifiko eta teknikoko ikertzaileei, eta helburutzat du UNITAren ikerketa-komunitatea sendotzea eta zabaltzea.
Antonio López Martín Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko Unibertsitateko katedradun eta NUP beste batzuekin batera buru duen UNITAko Trantsizio Digitaleko hubaren (ikerketa-arloa) ordezkariak koordinatu du topaketa honen antolaketa. 

zoom matching event

NUPeko Arrainontzian egindako “matching event”aren une bat.

Gero, sortutako jarduerari jarraipena emateko, dirulaguntzen deialdi bat argitaratuko da (Starting grants), lankidetza-proiektuak finantzatzeko. Proiektuek ekitaldiaren gaiarekin lotutakoak izan behar dute eta gutxienez ere UNITAko hiru unibertsitateren ordezkariak dituzten taldeek garatu behar dituzte.

UNITAko ikerketa-jarduera

UNITA aliantzaren helburuetako bat da inplikatutako herrialdeetako eskualdeen hezkuntza-, zientzia- eta kultura-aurrerapenean laguntzea, garapen jasangarria sustatuz, berrikuntzako tokiko ekosistemak indartuz eta ezagutzan oinarritutako ekonomiarako trantsizioa babestuz, eta, aldi berean, Europaren integrazioa sustatzen eta azkartzen du lurraldeen barruan eta kanpoan.
Beraz, UNITA unibertsitateek lankidetzako ikerketa babesten dute, aliantzaren helburuak betetzeko lehentasunezkotzat jotako ikerketa-arlo hauetan (hubak) oinarritutakoa: energia berriztagarriak, ekonomia zirkularra eta ingurumena, kultura-ondarea, gizarte inklusiboak, trantsizio digitala eta osasun globala.

UNITAk ikerlana ere sustatzen du beste jarduera batzuen bidez, hala nola azpiegituren katalogo bat sortzea, unibertsitateetan egindako ikerketaren kartografia bat prestatzea, irakasle eta ikertzaileen arteko topaketak aldizka antolatzea edo graduondoko eskolak sortzea, besteak beste.