Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hitzaldiak, artxibo eta dokumentu funtsen aurkezpenak, lekukotasun pertsonalak, erakusketa bat eta mahai-inguru tematikoak antolatu ditu heldu den astean lehengo unibertsitate-eskolei buruz. Mende batez baino gehiagoz Nafarroako goi mailako hezkuntzaren zutabe izan ziren, eta NUP sortu ondoren unibertsitate-egitura berrian integratuta ziren. Jarduerak batez ere ekainaren 5etik 13ra bitartean garatuko dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan (NAPI), eta programa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

zoom homenaje escuelas

NUP.

Jarduerak ekainaren 5ean, osteguna, 12:00etan inauguratuko dira Ramón Gonzalo Unibertsitateko errektorearen eta Juan Luis García Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren eskutik.    Roldán Jimeno Aranguren Unibertsitateko idazkari nagusiak ere parte hartuko du jardueretan. Egun horretan ibilbide gidatua eginen da “Istorio pertsonalak. Lehengo unibertsitate-eskoletako dokumentuak NUPeko Artxiboan” erakusketan. Ekitaldiaren hasierako hitzaldia egun horretan eginen da 17:00etan Reyes Berruezo NUPeko irakasle ohiaren eskutik. NUPeko Orkestraren kontzertu batek emanen dio amaiera eguneko programari.

Ekainaren 6an, eskola horiei buruzko dokumentu-funtsak aurkeztuko dituzte. Funtsak NUPeko Artxiboan, Zaragozako Unibertsitateko Artxiboan, Nafarroako Artxibo Garaikidean eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusian daude. Ondoren, ekainaren 9tik 13ra, eskolen garai hartako protagonisten lekukotasunak jasoko dira: ekainaren 9an, nekazaritzako perituen txanda izanen da; ekainaren 10ean, irakasletzaren txanda; ekainaren 11n, gizarte-lanaren txanda; eta ekainaren 12an, ekonomiako eta enpresako ikasketen txanda; eta ekainaren 13an, osasun-ikasketen txanda. Ekainaren 12an, osteguna, 20:00etan, NUPeko abesbatzak kontzertua emanen du.

Hauek dira jardueren helburuak: lehengo unibertsitate-eskolen historia berreskuratzea eta zabaltzea, NUPeko Artxibo Orokorrean gordetako dokumentu-funtsak eta materialak erakustea, Nafarroako goi-mailako hezkuntzaren historiari buruzko ikerketa sustatzea eta ikasle eta irakasle ohien arteko topaketa erraztea.

Lehengo unibertsitate-eskolei buruzko erakusketa

Lehengo eskolei buruzko erakusketa ikusgai egonen da ekainaren 5etik 13ra bitartean, 08:00etatik 21:00etara NAPIko patioan (Navarreria kalea, 39); eta ekainaren 16tik 30era, 08:00etatik 15:00etara, leku berean. Udaren ondotik, irailaren 5etik urriaren 30era bitartean, ikusgai egonen da NUPeko Sario eraikinean, 08:00etatik 21:00etara. 

Erakusketan, ikusgai egonen dira egoitzen planoak eta argazkiak, irakasle eta ikasleei buruzko datuak, lehenengo emakumezko perituaren fitxa barne (1933), bai eta ikasleen praktikei eta ikasketa-bidaiei buruzko datuak, beste material batzuen artean.