Joan eduki nagusira

Unibertsitateen G-9 Taldeko idazkaritza nagusien Batzorde Sektoriala Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Cuencako campusean bildu da beren estatutuen koordinazioari eta araudi-egokitzapenari buruzko gaiak jorratzeko. Maiatzaren 27an eta 28an egindako topaketak taldearen unibertsitate arteko lankidetza sendotu du.

zoom Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Cuencako campusean bilduriko G-9 Taldeko idazkari nagusien Batzorde sektoriala.

Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Cuencako campusean bilduriko G-9 Taldeko idazkari nagusien Batzorde sektoriala.

Pedro M. Fernández Extremadurako Unibertsitateko eta batzorde sektorialeko burua izan zen hasiera-ekitaldiaren buru Julián Garde Gaztela-Mantxako Unibertsitateko errektorearekin batera. Biek azpimarratu zuten idazkaritza nagusiek duten funtsezko zeregina unibertsitateen egonkortasun juridikoan eta haien antolaketaren egonkortasunean, batez ere araudian aldaketa handiak dauden garai batean.

Lan-saioetan, aztergai izan dituzte Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organiko berriaren garapenarekin lotutako gaiak, taldeko unibertsitateen estatutuak erreformatzeko prozesua eta Unibertsitateen G-9 Taldearen esparruko baterako ekimenak. Orobat adimen artifizialari eta hura unibertsitateko ingurunean aplikatzeari buruzko saio monografiko bat egin da, bai eta unibertsitateak sortzeari eta onartzeari buruzko 640/2021 Errege Dekretuaren erreformaren analisi bat ere.

Topaketan parte hartu dute G-9 Taldeko kide diren unibertsitateetako idazkari nagusiek eta Isaac Martín e Ismael García administrazio zuzenbideko eta estrategia digitaleko espezialista gonbidatuek. Isabel Gallego unibertsitate anfitrioiko idazkari nagusiak nabarmendu du “topaketa horien garrantzia, idazkaritza nagusi guztiei dagozkien arazoei aurre egiteko alternatibak adostea errazten dutelako”.

Francisco García Unibertsitateetako idazkari nagusiak ere esku hartu du, eta nabarmendu du Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak laster bidaliko diela unibertsitateei unibertsitate-eremuei buruzko dekretuaren zirriborroa, jendaurreko kontsulta egin baino lehen. Era berean, lanean jarraitzen dute Ikaslearen Estatutuaren lanek, CRUEren (Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia) batzorde sektorialarekin lankidetzan, eta laster Irakasle eta ikertzaileen Estatutuari buruzko negoziazioak eginen dira, 15 urte baino gehiago igaro baitira negoziaziorik gabe.  Nolanahi ere, LOSUren garapenaren beste alderdi bati buruz, esan du ez dela lehentasuna sailei buruzko dekretu bat egitea.  Ministerioak 640/2021 Errege Dekretua erreformatu nahi du unibertsitateko sistemaren kalitate orokorra eta hura osatzen duen unibertsitate bakoitzarena hobetzeko.

Unibertsitateen G-9 Taldea

Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da,  eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, bai eta Murtziako Unibertsitatea entitate laguntzaile gisa eta Burgosko Unibertsitatea eta La Lagunako Unibertsitatea ere, zeinek G-9 Taldearen Campus Digital Partekatuan parte hartzen baitute.