Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ikasleak praktiketan hartzen dituzten entitateei eskerrak emateko ekitaldia egin zuen atzo, ekainak 28, asteazkena. 700 erakunde baino gehiago dira, enpresak, ikastetxeak, erakunde publikoak eta irabazi asmorik gabeko erakundeak besteak beste. Horretaz gainera, 2024-2025 ikasturtean Mentore Seniorren Planean parte hartu duten 80 bat lagunen lana aitortu zuten ekitaldian. Unibertsitatearekin lotura duten profesionalak dira, eta etorkizun profesionala bideratzen laguntzen diete hala nahi duten ikasleei.
Ekitaldian, Ramón Gonzalo NUPeko errektorea aritu zen buru. Honako hauek ere esku hartu zuten: Iosune Pascual Azcárate NUP Fundazioko zuzendari kudeatzailea; Almudena Sánchez Villegas Osasun Zientzien Fakultateko dekanoa; Elena Cobos Eslava MTorreseko langileen arloko zuzendari korporatiboa; Peio Irujo Amezaga Laulagun Bearingseko CEOa; eta Elsa Ruiz Aarab Lan Harremanetako Graduko ikaslea.
Praktikak eta lana lortzeko aukera handitzeko beste jarduera batzuk
Unibertsitateko ikasleen prestakuntzako jardueretako bat da praktikaldia, eta titulazioaren ikasketa-planean integratuak egoten ahal dira (curriculumeko praktikak) edo ez (curriculumetik kanpoko praktikak). Aipatzekoa da NUPeko lau ikasletik hiruk curriculumeko praktikaldi bat egina izaten duela gradua bukatutakoan. Unibertsitateak urtean 4.000 praktika baino gehiago kudeatzen ditu.


Ekitaldi instituzionalaren une bat. Ezkerretik eskuinera, Elsa Ruiz Aarab Lan Harremanetako Graduko ikaslea, Peio Irujo Amezaga Laulagun Bearingseko CEOa, Ramón Gonzalo NUPeko errektorea, Elena Cobos Eslava MTorreseko langileen arloko zuzendari korporatiboa, Almudena Sánchez Villegas Osasun Zientzien Fakultateko dekanoa eta Iosune Pascual Azcárate NUP Fundazioko zuzendari kudeatzailea.
Praktiken helburua ikasleek prestakuntza akademikoan lortutako ezagutzak aplikatzea eta osatzea da. Hala, gaitasunak eskuratzen dituzte lanbidean hasten direnerako, eta areagotu egiten dituzte lana lortzeko aukerak eta ekintzaile izateko trebetasuna. Horri dagokionez, adierazi behar da NUPek, gainera, Ikasleen Laneratzea Hobetzeko eta Ekintzailetza Sustatzeko Plan bat duela, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak koordinatua, eta, plan horren bidez, zeharkako gaitasunei buruzko prestakuntza (garapen pertsonaleko gaitasunak, gaitasun digitalak eta garapen jasangarrikoak) eta lan-orientazio pertsonalizatua eta tailerren bidezkoa ematen direla. Unibertsitateak hizkuntzetako prestakuntzaren aldeko apustua ere egina du, eta graduari lotutako titulu berekiak eskaintzen ditu. Horrek guztiak ikasleen enplegu aukerak hobetzen ditu.
Bestalde, aipatzekoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoa Espainiako unibertsitate publikoen rankingaren lehen postuan dagoela bere graduko ikasleen laneratzeari dagokionez, Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak berriki argitaratu duen 2018-2019 ikasturteko Unibertsitateko Egresatuen Laneratzeari buruzko Azterlanaren (2023ra bitarteko analisia) arabera. Zehazki, titulua lortu eta lau urtera, NUPeko ikasleak lehenak dira Gizarte Segurantzako afiliazio-tasan, tasa hori % 86,9 baita graduko ikasketetan eta % 80,2 masterrekoetan.
Mentore Seniorren Plana
NUPeko Mentore Seniorren Planean, mentore bakoitzak hiru ikasleri laguntzen dio gehienez, eta gutxienez bi aldiz elkartzen da haiekin martxotik maiatzera bitartean. Mentoreek lan orientabidea ematen diete, ikasleen aukera profesionalak hobetzeko, beren gaitasunak indartzeko eta erraztasunak emateko “networking” delakoa egin dezaten, hau da, enpresekin harremanetan jarri, kontaktuak egin eta sarean lan egin dezaten.
Ikasleek, bestalde, konpromisoa hartzen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako 10 orduko trebakuntza presentzial batera joateko. Doakoa da ikastaroa, eta “coaching”-ean, lan orientazioan eta adimen emozionalean esperientzia eta prestakuntza egiaztatua duten profesionalek ematen dute. Ikasleek konpromisoa hartzen dute, halaber, esleitutako mentorearekin bi bilera egiteko, haren laguntzaz lana aktiboki bilatzeko eta mentoreak eskainitako zerbitzuak baliatzeko. NUP Fundazioak egindako inkesta baten arabera, mentoreen % 98 kontent dago programan parte hartzeagatik eta prest legoke beste behin ere mentore izateko.
2018-2019 ikasturtean plana martxan jarri zenetik, 700 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte programan eta 280 profesional baino gehiago izan dira mentore.