Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakurketa klubak hamabosgarren urteurrena du aurten. Irakurketa kluba 2010ean martxan jarri zenetik, unibertsitateko komunitateko (ikasleak, irakasleak eta langile ez-irakasleak) 400 lagunek baino gehiagok parte hartu dute bere saioetan. Egun, jarduerak bi irakurketa-talde ditu, bata presentziala eta bestea birtuala, eta hamaseina lagun dituzte. Blog batek azken urteetan ekimenean irakurritako lanak jasotzen ditu, eta idazleak ere etorri izan dira beren lanei buruz jarduteko.

zoom club de lectura

Irakurketa klubaren saio bat Begoña Espoz koordinatzailearekin (ezk.).

Inskripzioa bi aldiz irekitzen da urtean, seihileko bakoitzaren hasierarekin batera. Urte hauetan guztietan, irakurketa klubak ikuspegi tematiko bat izan du, hainbat ikuspegi aplikatuz argumentu-hari komun bati heltzeko aukera ematen duten lanak aukeratuz. Seihileko honetan, hau izanen dugu eztabaidagaia: “Ea gure heziketaren kondizioek aldatzen ote duten edo ez bizitzaren aurrean dugun jarrera”. Irakurgaiek hainbat testuingurutatik aztertzen dute gaia: hiri-inguruneetako haurtzaroa (Pilar Quintanaren “Los abismos”), sare sozialen eragina (Delphine de Viganen “Los reyes de la casa”) edo gaixotasunaren bizipena (Tomás Gonzálezen “La luz difícil”), beste liburu batzuen artean.  

Idazleen bisitak

Ikasturte honetan, Ignacio Martínez de Pisón idazlea etorri zen irakurketa klubera, eta taldearekin solasean aritu zen “Dientes de leche” liburuari buruz, 1938. urtearen eta Trantsizioaren amaieraren artean girotutako nobela bat, Gerra Zibilaren ondorioak nozitzen dituen familia baten istorioa kontatzen duena. Jarduera hau Kultura Ministerioak, Liburuaren, Komikiaren eta Irakurketaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, eta Espainiako Idazleen Elkargo Elkarteak (ACE), Idazleak Unibertsitateko Irakurketa Klubetan programarekin batera egindako ekimen baten barruan egin zen, unibertsitateko irakurketa klubetara literatura garaikidea hurbiltzeko.

Bere ibilbidean, irakurketa klubak topaketak antolatu ditu orobat beste idazle batzuekin, hala nola Jon Arretxe, Susana Rodríguez Lezaun, Víctor del Árbol, Julia Montejo, Aingeru Epaltza eta Eva Losada.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakurketa kluba erakunde akademikoaren ikastaro kulturalen eskaintzaren barruan dago. Ikastaroak Iruñeko Udalarekin lankidetzan antolatzen dira, eta Begoña Espoz González liburuzaina da koordinatzailea.