Aurreko ostegunean eta ostiralean, Unibertsitateen G-9 Taldeko ikerketa arloko batzordearen urteroko bilera egin zen Murtziako Unibertsitatean. Topaketak ehun lagun baino gehiago bildu ditu, Ikerketako eta Transferentziako errektoreordetzen ordezkariak eta batzorde hori osatzen duten zortzi lantaldeak barne, unibertsitate-sistema publikoan ikerketaren eta ezagutzaren arloko baterako proposamenak zehazteko.


Unibertsitateen G-9 Taldeko ikerketa antolatzeko batzorde sektorialeko kideak Murtziako Unibertsitatean.
Topaketan hainbat gai aztertu dituzte, hala nola ikertzaileen parte-hartzea irakaskuntzan eta bikaintasuneko europar proiektuei (ERC) lotutako irakastorduak murrizteko ereduak. Orobat esperientziak partekatu dituzte ikertzaileen talentua egonkortzeari buruz, bereziki Ramón y Cajal, Consolidación eta Beatriz Galindo programetan, besteak beste.
Era berean, eztabaidagai izan dituzte egitura iraunkorretan espezializatutako teknikariak sartzeko ereduak, 23 bis artikuluaren araberako deialdien kudeaketa eta proiektuak ikerketa-lerroei esleitzeko irizpideak argitzeko premia. Errektoreordeen bileraz gain, arloko batzorde horretako lantaldeek bilerak egin dituzte bakoitzak bere aldetik, eta gero osoko bilkuran aurkeztu dituzte hainbat bidetan egindako urratsak.
Lantaldeen beharrak
Doktoretza Eskolek nabarmendu dute mentorizazio-programak bultzatzeko, tesi industrialak sustatzeko eta adimen artifizialaren erabilera arduratsuari buruzko gida komun bat egiteko premia.
Ikerketa Kudeatzeko Unitateek nabarmendu dituzte (UGI) proiektuen kudeaketan eta HERKULES sistemaren egokitzapenean esparru juridiko komun baterantz egindako aurrerapenak.
Bestalde, Europar Proiektuen Bulegoek teknikarien egonkortasun eta espezializazio handiagoa eskatu dute nazioarteko proiekzioa sendotzeko.
Segidan, Ikerketen Emaitzak Transferitzeko Bulegoaren osoko bilkuran, azpimarratu dute proiektuen kudeaketaren digitalizazioan hobetu beharra eta azaldu dute segurtasun juridikoak kanpoko lankideen parte-hartzean duen eginkizuna.
Bestalde, unibertsitateko argitaletxeak lehenengoz integratu dira talde horretan, eta nabarmendu dute konpromiso instituzionalaren eta finantzaketaren beharra dagoela zientzia irekia sendotzeko.
Ikerketari laguntzeko Zerbitzuek azpiegitura zientifikoak batera erabiltzeko esperientziak partekatu dituzte, eta azpimarratu dute zailtasunak daudela kualifikazio handiko teknikariak egonkortzeko.
Azkenik, unibertsitateko liburutegiek proposatu dituzte zientzia irekiari buruzko politika komunak eta biltegi instituzionaletan adimen artifiziala erabiltzeko eredu berriak.
Amaieran, iragarri dute G-9 Taldearen Ikerketako eta Transferentziako errektoreordeen hurrengo bilera Madrilen eginen dela 2025eko urrian. Bestalde, arloko batzordearen eta bere lantaldeen hurrengo urteko bilera 2026ko maiatzean eginen da Zaragozako Unibertsitatean.
Unibertsitateen G-9 Taldea
Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, bai eta Murtziako Unibertsitatea entitate laguntzaile gisa eta Burgosko Unibertsitatea eta La Lagunako Unibertsitatea ere, zeinek G-9 Taldearen Campus Digital Partekatuan parte hartzen baitute.