Joan eduki nagusira

Ana Ibañez Pegenaute fisioterapeutak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian nabarmentzen du fisioterapia espezializatua musikari instrumentisten prestakuntzan eta jardun profesionalean integratu behar dela. “Ez dakigu musika-interpretazio bakoitzaren atzean errendimendu handiko diziplinen pareko ahalegin fisiko eta mentala dagoela. Eskakizun horrek musikariaren gorputza bihurtzen du bere tresna nagusi, eta, beraz, zainketa espezifikoak behar ditu”, adierazi du tesiaren egileak. Alazne Antón Olóriz NUPeko ikertzaileak zuzendu du ikerketa, eta aztergai du arnasketak eta jarrerak pertsona horien errendimenduan duten eragina. 

“Ikerketaren abiapuntua ezkutuan dagoen errealitate bat da: musikarien % 84k giharretako eta eskeletoko nahasmenduak dituzte, eta % 60 - % 90 min kronikoak jota daude, eta, hortaz, ehuneko hori handiagoa da biztanleria orokorrarena baino”, azpimarratu du Ane Ibañezek. Nafarroako musikari profesionalekin egindako bost azterlanen bidez, tesiak modu integralean aztertzen du arnas muskulaturaren indarraren, jarreraren kalitatearen (estatikoan zein interpretazioan) eta pertsona horien beharretara egokitutako esku-hartze fisioterapeutikoen eraginaren arteko lotura. 

zoom Ana Ibáñez, NUPen.

Ana Ibáñez, NUPen.

La Pamplonesa Udal Bandako eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoko instrumentista profesionalek osatu zuten lagina, bai eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko, Joaquín Maya Musika Eskolako eta Aranguren ibarreko Musika Eskolako azken ikasmailetako irakasle eta ikasleek, zeinek batez beste 16,4 ordu igarotzen baitituzte astean instrumentua jotzen.  “Aniztasun horri esker hainbat profil, teknika eta haize-, soka- eta perkusio-instrumentu aztertzeko aukera izan zen”, esan du tesiaren egileak.

Arnasketa eta bere entrenamendua giltzarri haize-instrumentuetarako

Lehenengo azterlan-multzoak musikarien arnasketa-funtzioa izan zuen ardatz, eta arnasa hartzeko eta botatzeko presio maximoak neurtu zituen. Ikusi zen haize-instrumentuak jotzen dituztenek arnasa hartzeko indar handiagoa dutela musikariak ez direnek baino, ziurrenik instrumentua jotzearen ondorioz. Arnasa botatzeko indarrean, berriz, ez zen alderik egon.

Beste ikerketetako batek arnas-indarraren, eskuz zapaltzeko indarraren eta gorputz konposizioaren arteko erlazioa aztertu zuen. Gizonezko musikarietan ikusi zen erlazio positiboa zegoela arnasa hartzeko indarraren eta eskeletoko gihar-masaren artean, bai eta indar periferikoan ere, eta horrek erakusten du aldagai horiei esker arnasteko muskulaturaren indarra zein den jakin daitekeela. Emakumeen artean, lotura horiek ez ziren esanguratsuak izan, eta horrek esan nahi du sexuen arteko desberdintasun fisiologikoak egon daitezkeela.

Tesiaren ekarpen nagusietako bat da arnasa hartzeko muskulatura entrenatzeko programa bat ezartzea, “PowerBreathe” karga-atalaseko gailua erabiliz. Normalean errendimendu handiko kirolean eta arnas patologia duten pertsonetan erabiltzen da, baina apenas erabiltzen da musikaren esparruan. Esku-hartzea 12 astekoa izan zen, eta nabarmen hobetu zuen parte hartzaileen arnasa hartzeko eta botatzeko indar maximoa. “Aurkikuntza horrek arnas entrenamenduaren erabilgarritasuna berresten du prebentzio estrategia gisa eta errendimendu fisikoa eta musikala hobetzeko estrategia gisa”, adierazi du Ana Ibañezek.

Instrumentua jotzeko jarrera, ahulgune

Tesiaren bigarren lan-ildoa zentratu zen gorputz-jarreraren analisian hainbat egoeratan: jarrera estatikoa, batetik; eta instrumentua zutik eta eserita jotzean, bestetik. “Jarrera-alterazioen prebalentzia handia detektatu zen, batez ere buruan, sorbaldetan eta bizkarrezurrean”, adierazi du tesiaren egileak. Joera horiek ikusi ziren instrumentu simetrikoetan (haizea: alboka, klarinetea, oboea, saxofoia, tronpa, tronpeta, tuba, txistua; soka: baxu elektrikoa, gitarra, pianoa eta biolontxeloa; perkusioa: bateria, tinbalak) zein asimetrikoetan (haizea: fagota, zeharkako txirula eta tronboia; soka: kontrabaxua, biola eta biolina), nahiz eta konpentsazioak nabarmenagoak izan azken horietan.

Instrumentu simetriko eta asimetrikoen sailkapena oinarritzen da musikariak duen jarreran eta instrumentu bakoitzaren ezaugarrietan. Lehenengo instrumentuek sorbaldak, pelbisa eta baraila lerrokatuta izatea ahalbidetzen dute aurrealdeko eta zeharkako planoetan (esaterako, pianoa, perkusioa, klarinetea edo gitarra). Aldiz, asimetrikoek enborraren bihurdura edo inklinazioren bat dakarte, baita jarrera "optimotzat" jotzen denean ere, hala nola biolina, zeharkako txirula edo kontrabaxua. “Horrek hainbat erronka ergonomiko sortzen ditu, eta deskonpentsazioak izateko arriskua handitzen du kontuan hartzen ez bada”, zehaztu du tesiaren egileak.

Lan honen ekarpen nabarmenetako bat izan da jarrera ebaluatzeko metodologia objektibo eta baliozkotu bat erabiltzea, Jarrera Behatzeko Tresnaren (POI) eta Kinovea mugimendua aztertzeko softwarearen erabilera konbinatuan oinarritua. Horri esker, modu zehatzean kuantifikatu ziren aztertutako baldintza bakoitzeko jarrera-aldaketak. “Emaitzek erakutsi zuten parte-hartzaile bakar batek ere ez zuela jarreraren lerrokatze optimorik aztertutako hiru baldintzetan, eta horrek iradokitzen du jarrera-egokitzapenak teknika instrumentalaren parte direla, baina arrisku faktore bat ere izan daitezkeela prebentziotik behar bezala heltzen ez bazaie”, adierazi du Ana Ibañezek.

Begiratu integrala fisioterapiatik 

Azken ikerketak fisioterapia-programa espezifiko bat aplikatu zuen, gorputz-kontzientzian, jarreraren berreziketan eta keinu instrumentalaren optimizazioan oinarritua. Hainbat saio pertsonalizatutan, instrumentistek beren deslerrokadurak identifikatu, giharrak modu selektiboan aktibatu eta zuzenketak integratu zituzten. Emaitzek erakutsi zuten nabarmen hobetu dela jarreraren lerrokadura ebaluatutako jarrera guztietan, bai eta instrumentua jotzearekin lotutako mina txikitu ere. Ondorio horiek aipatzekoak izan ziren  esku-hartze taldeko parte-hartzaileen artean. Aldiz, kontrol taldeak ez zuen aldaketarik izan.

Ikerketak nabarmendu du fisioterapiaren garrantzia lesioa prebenitzeko, arnasketa eta jarrera hobetzeko eta musikarien osasunari eta jasangarritasun profesionalari laguntzeko. “Fisioterapiako tresna espezifikoak erabiltzeak, hala nola arnasa hartzeko muskulaturaren entrenamendua edo jarreraren berreziketa pertsonalizatua, musikariaren errendimendua hobetu eta hezur eta muskuluetako lesioak prebenitu ditzake”, esan du tesiaren egileak. 

Ikerketan nabarmentzen da “musikariaren gorputzaren ikuspegi integralak duen garrantzia, jarrera eta arnasketa ez baitira bereiz aztertu behar, baizik eta instrumentua jotzen eta errendimenduan eragin zuzena duten eta elkarrekin lotuta dauden faktoreak bezala”, esan du Ana Ibáñezek. Hasieran adierazi den bezala, “lortutako emaitzek erakusten dute fisioterapia espezializatua musikari instrumentisten prestakuntzan eta jardun profesionalean integratu behar dela, ebidentzia zientifikoan oinarritutako ikuspegi prebentibo eta pertsonalizatu batekin. 

Egilearen curriculum laburra

Ana Ibáñez Pegenaute Ramón Llull Unibertsitatean eta Bruselako Unibertsitate Librean diplomatutako fisioterapeuta da eta Murtziako San Antonio Unibertsitate Katolikoan graduatua. Gero Osasun Zientzietako Ikerketako Masterra egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta han egin du orobat doktoretza-tesia. 

Laneko jardunbidearen eta jarreraren analisian eta tratamenduan espezializatua, arte eszenikoetan aplikatutako fisioterapia du ikergai, eta arreta berezia eskaintzen dio musikariaren osasunari. Musika eskolekin egindako proiektuetan parte hartu du, nazioarteko aldizkari zientifikoetan argitaratu du eta biltzar espezializatuetan aurkeztu du bere lana.

Bere ibilbidean jardun klinikoa eta irakaskuntza eta musikariaren osasunari buruzko prestakuntza uztartu ditu, eta horri esker ezagutza zientifikoa esku-hartzeko benetako testuinguruetan aplikatzeko eta kontrastatzeko aukera izan du. Egun irakasle lanetan ari da NUPeko Fisioterapia Graduan, eta lan hori bere ikerketa-jarduerarekin batera egiten du.