Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) eta Nafarroako Gobernua lankidetzan arituko dira 2025-2026 ikasturtean Foru Komunitatean turismo enogastronomikoa sustatzeko unibertsitate-programa bat martxan jartzeko. Horretarako, erakundeak eta Nafarroako Gobernuko Turismoko Zuzendaritza Nagusiak hitzarmen bat sinatu dute gaur, maiatzak 22, Unibertsitateari Turismo Enogastronomikoaren Plan Nazionaleko eta Next Generation EU funtsetako 300.000 euroko ekarpena egiteko, jarduerak garatzeko.


NUPen eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmenaren sinadura. Ramón Gonzalo errektoreak ordezkatu du NUP eta Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismo kontseilariak Nafarroako Gobernua.
Hitzarmenaren esparruan, NUPek sektorearen garapenaren zerbitzura jarriko du ikerketa zientifikoa Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan. María José Berián Apesteguíak eta Idoya Fernández Panek (lehena katedraduna eta bigarrena irakaslea, biak ere NUPeko IS-FOOD institutuko ikertzaileak) kudeatu eta koordinatuko dute proiektua. Jardueren diseinuaz, definizioaz eta plangintzaz arduratuko dira Turismoko Zuzendaritza Nagusiko talde teknikoarekin batera. Gogoratu behar da erakunde akademikoak lotura estua duela sektorearekin, eta dibulgazio zientifikoko zenbait ekimenetan gauzatu da. Hitzarmena sinatuz lankidetza egonkortuko da.
Mikroproiektuak sektorearekin lankidetzan
Proiektuan garatuko diren I+G+b-ko jarduerek emaitzak sektoreari eta gizarteari transferitzeko ikuspegi argia izanen dute. Horietan guztietan, zeharka jasoko dira jasangarritasuneko osagai bat eta osasunari lotutako beste bat, Nafarroa kalitateko helmuga gastronomiko, jasangarri eta osasungarri bihurtzen laguntzeko.
I+G+b-ko jarduerak hainbat gairen inguruan koordinatutako mikroproiektuen bidez bideratuko dira, guztiak 5.000 euroko aurrekontuarekin eta 7 hilabetera arteko iraupenarekin. Horri esker, ekimen independente ugari garatuko dira, baina, aldi berean, lankidetzakoak eta koordinatuak, Nafarroako sukaldaritzaren eta turismoaren sektorearen interesen arabera. Mikroproiektu horiek bi kategoriatan banatuko dira: batetik, ETEekin elkarlanean egindako ikerketa aplikatua, eta, bestetik, NUPek garatutako ikerketa aurreratuko proiektuak. Azken horri dagokionez, produktua diseinatzeko eta garatzeko bi proiektu garatuko dira, eragin zientifikoko aldizkarietan argitaratzeko modukoak.
ETEekin lankidetzan egindako proiektuei dagokienez, produktu, prozesu eta prestakuntzen arloko ikerketara zuzendutako 15 proposatzen dira gai hauetan: Nafarroako sukaldaritza tradizionala munduan: garaikotasuna eta errezetak; baratzea; produktua eta teknika; haragi erreak, ehiza eta arrantza; basa-baliabideak: onddoak, perretxikoak, loreak eta jateko hostoak; gastronomia garaikidea: joerak eta abangoardia; eta, azkenik, sukaldaritza fusioa: nazioartekotzea eta munduko kulturak. Era berean, beste bost diseinatuko dira Nafarroako landa-inguruneak gastronomian duen eginkizuna ikusarazteko, esperientzia turistikoaren bidez, jatetxean bereziki, honako gai hauen barruan: lurraldea: sukaldaritza tradizionala eta uztartzea; landa-ingurunea: ekimenak ustiategi txikietan eta uztartzea; esperientzia turistikoen pertsonalizazioa enogastronomian; esperientzia turistiko enogastronomikoen digitalizazioa eta, azkenik, aretoa: Nafarroako elikagaiak eta edariak.
Prestatzeko eta sareak sortzeko jarduerak
Horrez gain, prestatzeko eta sareak sortzeko zenbait jarduera daude proiektuan. Zehazki, proposatzen dira hiru hilabeteko prestakuntza/ espezializazio lantegiak (adituek zuzenduak hitzaldi eta dastaketetan oinarritutako formatu praktiko batekin), udako ikastaro bat eta Nafarroa helmuga gastronomiko bihurtzeko nazioartekotze jardunaldi bat. Lantegiek beste gai batzuen artean hauek izanen dituzte: nazioarteko teknika zaharrak, sukaldaritzako teknologia berritzaileak eta, azkenik, ardoa eta lurraldea.
Jardueren emaitzekin gastronomiari buruzko 5 monografikoko bilduma bat argitaratuko da, proiektuaren zutabeak ardatz hartuta: tradizioa, berrikuntza, ardoa, landa ingurunea eta esperientzia turistikoa. Horiez gain, artikulu zientifikoak argitaratu eta biltzar gastronomiko bat eginen da.