Gaur eta bihar, maiatzak 22 eta 23, Espainiako Unibertsitateetako Psikologiako dekanoen Biltzarrak sei hilabetetik behin egiten duen bilera eginen du Espainiako 63 unibertsitate publiko eta pribatuetako 66 lagunen parte-hartzearekin. Biltzarraren lehen eguna Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) eginen da, eta haren xedea da akordioak adostea eta egitea psikologiako ikasketetarako garrantzitsuak diren gaietan, bai eta esparru akademiko eta profesionaleko gaurkotasun handieneko gaiak eztabaidatzea ere. Horien artean, psikologia orokorra oinarrizko osasun laguntzan sartzea, bai eta ikasleen gaitasunak ebaluatzea eta neuropsikologiako prestakuntza ere.
Topaketa gaur goizean inauguratu da Arrosadiko campusean, eta honako hauek parte hartu dute NUP ordezkatuz: Ramón Gonzalo errektorea eta Almudena Sánchez Villegas Osasun Zientzien Fakultateko dekanoa, eta biltzarraren izenean, bere burua, Antonio Ferrer Manchón, Valentziako Unibertsitateko Psikologia eta Logopedia Fakultateko dekanoa eta Rosa Ramos Torío Nafarroako Psikologiako Elkargo Ofizialeko dekanoa. NUPek eta Nafarroako Unibertsitateak antolatu dute topaketa. Biharko saioa Nafarroako Unibertsitatean eginen da.


Topaketaren inaugurazioa. Ezkerretik eskuinera: Antonio Ferrer, Ramón Gonzalo, Rosa Ramos eta Almudena Sánchez Villegas.
Gaitasunen araberako ebaluazioa
Eguneko aztergaien artean gai batzuk daude, erakusten dutenak fakultateen kezka ikasleen prestakuntza osasun sistemaren behar berrietara egokitzeko eta lanbide-jardunaren kalitatea bermatzeko. Zehazki, aztertuko da Psikologiako Gaitasun Objektibo eta Egituratuen Ebaluazioa (ECOE). Proba praktiko horrek, simulatutako kasuen bidez, neurtzen du ikasleek beren ezagutzak eta trebetasunak jardun psikologikoari dagozkion egoera errealetan eraginkortasunez eta profesionalki aplika ditzaketen. Halaber, neuropsikologiako prestakuntza eta akreditazio profesionala aztertuko dira, bai eta oinarrizko osasun laguntzan osasun arloko psikologia orokorra sartzeari buruz biltzarrak duen jarrera ere.
Psikologia Fakultateek gaur egun Espainian dituzten erronka komunen artean nabarmentzekoa da atzerrian lortutako Psikologiako tituluaren aitorpena, bereziki, Osasunaren arloko Psikologia Orokorreko Masterrean sartzeko beharrezkoak diren kredituak betetzeari dagokionez. Biltzarrak badauka barne batzorde bat kasu horietarako osasun-kredituen aitorpenari buruzko aholkularitzari buruzkoa. Batzordeak unibertsitateei orientabidea ematen die espediente akademikoak balioesteko, Espainiatik kanpo ikasketak egin dituztenek aipatu masterrean sartzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen dituzten zehazteko. Master hori egitea ezinbestekoa da osasun arloan lan egiteko.
Beste erronka batzuk dira osasun mentalaren arloko intrusismo profesionala handitzea eta espezialitate kliniko berriak eskatzea BAPEren bidez (Barneko Psikologo Egoiliarra), hala nola haurtzaroko eta nerabezaroko psikologia klinikoa, neuropsikologia edo zainketa aringarrien psikologia.
Aurreko dekanoaren agurra
Iruñean egindako bilerak esangura berezia du NUPentzat, Javier Fernández Montalvok biltzarreko ordezkari izateari utziko baitio aurreko urteko uztailean Osasun Zientzien Fakultateko dekano-kargua utzi ondoren. Topaketatik aurrera, José Javier López Goñi Psikologiako Graduko dekanordeak ordezkatuko du NUP, koordinazio eta gogoeta akademikoko gune horretan hasiko baita Fernández Montalvoren ordez.