Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gizarte Erakundeen CEO Kluba NUPeko Gizarte Kontseiluaren ekimen bat da, foru komunitateko ekonomia sozialeko enpresa eta entitate solidarioen zuzendaritza eta kudeaketaren arduradunak biltzen dituena, eta duela gutxi “Eragin sozialeko adimen artifiziala: hirugarren sektoreko aplikazioak eta erronkak” izeneko saioa egin berri du. Cristina Aranda Gutiérrezek eman du.   Teknologiako adituak azpimarratu du adimen artifizialak duen ahalmena eraldaketa sozialerako tresna gisa, betiere irizpide etiko, inklusibo eta desparekotasunak murriztera bideratutakoekin garatzen bada. Patricia Ruiz de Irízar (Médicos del Mundo) izan da topaketaren moderatzailea, eta Nafarroako IRIS Berrikuntza Digitalerako Gunearen egoitzan egin da. Egoitza Arrosadiko campusean dago. 

Cristina Aranda, Hizkuntzalaritza Teorikoa eta Aplikatuan doktorea, Hispaniar Filologian lizentziaduna eta Internet Businesseko masterduna, berrikuntzako, “big data”ko, adimen artifizialeko eta prozesuen automatizazioko aholkularia da. Big Onion aholkularitza-enpresaren sortzailea da beste batzuekin batera eta beste hainbat ekimenena, hala nola MujeresTech, Spain AI Aragón eta ELLIS Alicante Fundazioa. Aranda “Vidas futuras” Adimen Artifizialari eta haren eragin sozialari buruzko liburuaren egilea da, eta bere hitzaldian aztergai izan ditu adimen artifizialak duen ahalmena hirugarren sektorea eraldatzen laguntzeko, eta haren erabilerak sortzen dituen erronka etiko, sozial eta teknikoak.

zoom Cristina Aranda, teknologian aditua, Gizarte Erakundeen CEO Klubean egindako hitzaldian.

Cristina Aranda, teknologian aditua, Gizarte Erakundeen CEO Klubean egindako hitzaldian.

Bere hitzaldian, Cristina Arandak hirugarren sektorearekin lotutako proiektuen aplikazioko adibide praktikoak partekatu ditu, eta aztergai izan du zer-nolako ekarpena egin dezakeen adimen artifizialak eredu prediktiboak sortzen, prozesu administratiboak automatizatzen edo kolektibo zaurgarrien arretan eraginkortasuna hobetzen.

Jorratutako edukien artean, azpimarratu du beharrezkoa dela gizarte-erakundeek kultura digital kritikoa garatzea, non teknologia ez den berez helburu bat izanen, baizik eta esku-hartzeen eragina handitzeko tresna bat. Era berean, nabarmendu du garrantzitsua dela kalitateko datuak izatea, adierazgarriak eta alborapenik gabekoak, sistema automatizatuek dauden desberdintasunak iraunaraz ez ditzaten.

Aranda nabarmendu ditu orobat adimen artifiziala neurririk gabe erabiltzeak dituen arriskuak, hala nola opakotasun algoritmikoa edo estereotipoak indartzea. Alde horretatik, adimen artifizial sozialki arduratsu baten garapenean urratsak egiteko premia defendatu du, eta errealitateen aniztasuna kontuan har dezala eta ekitatea sustatu dezala.

zoom Gizarte Laneko Gizarte Entitateen CEO Kluba hizlariarekin topaketa amaitzean.

Gizarte Laneko Gizarte Entitateen CEO Kluba hizlariarekin topaketa amaitzean.

Gizarte Kontseilua eta klub profesionalak

Gizarteak erakunde akademikoan parte hartzeko duen organo kolegiatua da Gizarte Kontseilua, eta Foru Komunitateko sare ekonomiko eta sozialaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko harremanetarako elementua da.

Klub profesionalen sorrera Gizarte Kontseiluak lanean diharduten profesionalei orientatutako prestakuntza jarraituari buruz duen lan ildoaren barruan dago, eta Gizarte Kontseiluari buruzko Foru Legean ezarritakoari erantzuten dio, haren arabera Kontseiluari baitagokio "Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaskuntza-arduradunekin batera, prestakuntza jarraiturako eskaintza sustatzea lanean ari diren profesionalentzat, eta haien beharretara egokitua".