Maiatzaren 22an, osteguna, UNITA Green Day-ren 2025eko edizioarekin bat eginen du NUPek “Irakurgai eta zapore jasangarriak” izeneko jardunaldia antolatuta. Jardunaldiari esker, unibertsitateko komunitateko kide guztiek erabilitako liburuak trukatzeko eta jasotzeko aukera izanen dute Liburutegiko UNITA Bulegoaren atean egonen den stand batean. Ekimenean parte hartzen dutenen artean bi pertsonentzako bazkari bat zozkatuko da. Bazkaria, hurbileko produktuekin prestatua, NUPetik hurbil dagoen jatetxe batean eginen da.
UNITA Green Day jasangarritasunari eskainitako jardunaldi bat da, eta aldi berean antolatzen da UNITAko unibertsitate guztietan. Edizio honetan Biodibertsitatearen Nazioarteko Egunarekin batera eginen da, maiatzaren 22an ospatzen baita urtero.
Liburuak trukatzeko standa
Liburuak trukatzeko eta jasotzeko jarduera 10:00etatik 13:00etara eginen da. Antolatzaileek eskatu dute egoera onean dauden liburuak ekartzeko (gehienez ere bi) eta beste batzuekin trukatzeko. Bestalde, Liburutegi Zerbitzuak liburuak trukatzea erraztuko du bere ale batzuk emanez.
Parte-hartzaileei gonbit eginen zaie orobat mural kolektibo batean gustukoen duten pentsamendua edo esaldia seinalatzera. Beren pentsamendua edo esaldia sortzeko aukera ere izanen dute. Neurri horren bidez gune bat eskaini nahi da irakurketa bultzatzeko, hondakinak murrizteko eta ekonomia zirkularra sustatzeko premiari buruz gogoeta egiteko.
UNITA Green Day
UNITA Green Day urtero antolatuz UNITAk xedea du kontzientziatzea eta beren unibertsitateko komunitateei bai aliantzan bai unibertsitate bakoitzean jasangarritasunaren arloan egiten diren jarduerak hurbiltzea. Helburua da orobat ikasleei eta irakasleei eta administrazioko langileei gogoeta eragitea hondakinak ezabatzeko, materialak berrerabiltzeko eta arduraz kontsumitzeko egunero egiten diren ekintza txikiek aztarna ekologikoa oro har murrizteko duten garrantziaz.
UNITA Green Day aliantzaren unibertsitate guztietan ospatuko denez, liburuen trukearekin eta birziklatzearekin lotutako jarduerak antolatu dira jarduera horrek dituen ingurumen arloko onurak direla eta, paperaren eta energiaren eskaria jaitsi, baliabideak berrerabiltzea ahalbidetu eta ingurumen arloko jasangarritasunari laguntzen baitio.