Unibertsitateen G-9 Taldearen Irakaskuntza Antolatzeko batzorde sektoriala Oviedoko Unibertsitatean elkartu da irakaskuntza arloko esperientziak biltzeko eta Graduko ikasleentzako II. Online Planaren eskaintza zabaltzeko urratsak egiteko. Juan Manuel Marchante Ikasketetako eta Irakaskuntzako errektoreordea izan da bileraren anfitrioia, eta ostegun arratsaldean eta ostiral goizean egin da, eta Ignacio Villaverde Oviedoko Unibertsitateko errektoreak parte hartu du. NUPen aldetik, Javier Goicoechea Fernández Irakaskuntzako errektoreordeak parte hartu du.


Unibertsitateen G-9 Taldeko Irakaskuntza Antolatzeko batzorde sektorialeko kideak Oviedoko Unibertsiteatean.
Bileran, errektoreordeak graduko ikasleentzako eskaintza akademikoaren bertsio berritu bat prestatzen hasi dira, are erakargarriagoa izan dadin. Unibertsitateen G-9 Taldearen lehenengo online planean hainbat gairi buruzko 27 ikastaro antolatu ziren, eta 465 matrikula egin ziren.
Irakaskuntza berria
Eguneko aztergaien artean zegoen Oviedoko Unibertsitateko esperientzia berritzaile nagusien azalpena, unibertsitate hori izan baita bileraren anfitrioia. Juan Manuel Marchante Ikasketetako eta Irakaskuntzako errektoreordeak aurkeztu du Asturiasko erakunde akademikoaren eredua irakaslana hobetzeko. Zehazki, joan den urtarriletik irakaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren azterketan garatzen ari den esperientzia partekatu du Unibertsitateen G-9 Taldean. Unibertsitate-komunitateko 170 kide baino gehiago inplikatu dituen ekimen horren helburua da jardunbide egokiak detektatzea, hobetu beharreko arloak identifikatzea eta irakasleen eta ikasleen proposamenak sustatzea.
Aurkezpenean, proiektuaren helburu nagusiak azaldu ziren: graduetan eta masterretan irakaskuntzaren egoera zein den azaltzea eta proposamenak egitea etorkizuneko bilakaerarako. Lana diziplinarteko lantaldeen inguruan antolatu da, jarraipen egutegi batekin, eta 2025eko udazkenean txosten orokor batekin amaituko da. Nabarmendu beharreko alderdien artean, honako hauek daude: zuzenduta ez dauden metodologia aktiboak eta praktikak txertatzea; curriculum-egitura berritzaileak aztertzea; titulazio dualak, gradu irekiak eta titulazio bikoitzak bultzatzea; eta irakaskuntzan adimen artifiziala erabiltzea.
Hain zuzen ere, azken puntu horretan zentratu da batzordearen beste eztabaida bat, Adimen Artifizialak irakaskuntzaren eraldaketan dituen aukerak aztertzen jarraitu baitu. Gainera, Irakaskuntza Antolatzeko batzorde sektorialeko kideek mahai gainean jarri dituzte beren unibertsitateek hainbat gaitan dituzten esperientziak, hala nola prestakuntza duala eta haren erronka handiak edo unibertsitatearteko titulazioen koordinazioa.
Azkenik, bileran Unibertsitateen G-9 Taldearen Hezkuntza Berrikuntzako Jardunaldiak taxutzen hasi dira. Jardunaldi horiek bi urtez behin antolatzen dira, eta Asturiasen eginen dira 2026ko maiatzaren hasieran, Oviedoko Unibertsitatearen Irakaskuntza Berrikuntzako Jardunaldiekin batera.
Unibertsitateen G-9 Taldea
Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, bai eta Murtziako Unibertsitatea entitate laguntzaile gisa eta Burgosko Unibertsitatea eta La Lagunako Unibertsitatea ere, zeinek modu aktiboan parte hartzen baitute graduko ikasleentzako online planean.