Nerea Pascual Lezaun (Iruñea, 1999) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) doktoretzako ikaslea lau hilabeteko egonaldia egiten ari da NASAren Jet Propulsion Laboratory-n (JPL) . Zentro hori Pasadenan dago (Kalifornia, Estatu Batuak), eta Kaliforniako Teknologia Institutuak (Caltech) kudeatzen du. Egonaldian, erakunde akademikoko Smart Cities (ISC) institutuko ikertzaileak aztergai du nola egokitu NASAk espaziorako garatutako teknologia termoelektrikoak urrutian kokatutako zaintza bolkanikoko estazioetan elektrizitatearen sorkuntza hobetzera. Zeregin horretan jada badu eskarmentua. Urte hasieran, NUPeko beste bi ikertzailerekin batera, Antartikako kanpaina zientifiko batean parte hartu zuen egiaztatzeko Nafarroako erakunde akademikoak aurreko urtean instalatutako sorgailu termoelektrikoak energia elektrikoa sortu duela urte osoan zehar, eta, horrenbestez, poloko negu gogorrean ongi funtzionatu duela.
Kaliforniako egonaldia Nerea Pascual VIVOTEG proiektuaren esparruan garatzen ari den doktoretza-tesiaren lanaren barruan dago. Proiektuaren izenburua “Zaintza bolkanikorako sorgailu termoelektriko autonomoak” da, eta Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak finantzatzen du. David Astrain Ulibarrena katedradunak eta Álvaro Martínez Echeverri irakasleak zuzentzen dute proiektua. Biak ISC Institutuko ikertzaileak dira, eta orobat tesiaren zuzendaritzaren arduradunak. Doktoregaiak ikertzaileak prestatzeko doktoretza aurreko kontratu bat du, ministerio berak finantzatua.
Lurzoruko beroa erabiltzea elektrizitatea sortzeko
Ikerketaren ardatza da sorgailu termoelektriko geotermikoen garapena, Lurraren barnealdeko bero naturalean oinarrituta zaintza bolkanikoko urruneko estazioei elektrizitatea emateko. “Estazio horiek erronka energetiko handiak dituzte beren kokapenagatik eta muturreko baldintzengatik, eguzki panelak eta aerosorgailuak erabiltzea eragozten baitute”, azaldu du ikertzaileak.
Konponbide gisa, Nerea Pascual kide duen eta David Astrainek zuzentzen duen NUPeko Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoena ikerketa-taldeak sistema sendo bat garatu du, sorgailu termoelektrikoak eta fase-aldaketan oinarritutako bero trukagailuak konbinatzen dituena. Horiek ahalmena dute jatorri bolkanikoko geotermia energia-iturri jarraitu gisa aprobetxatzeko.
Modulu termoelektrikoak Lurraren barnealdeko bero geotermikoa energia elektriko bihurtzen duten gailuak dira. Modulu horiek funtzionatzeko, alde bat beroa eta bestea hotza izan behar dute. NUPeko ikertzaile taldeak, beharrezko diferentzia hori sortzeko, efizientzia handiko bero-trukagailu batzuk garatu ditu, lurrean 40 zentimetroko sakoneran dagoen bero geotermikoa modulu termoelektrikora garraiatzeko gai direnak tenperatura oso gutxi galduta.
Antartikan arrakastaz balioztatutako teknologia
VIVOTEG proiektuaren esparruan, teknologia hori arrakastaz balioztatu da benetako giroetan, Deception uhartean prototipoak jarrita (Antartikako bigarren sumendi aktiboena). Zehazki, NUPeko ikertzaileek Antartikako azken bi kanpainetan parte hartu dute: 2024koan , lehenengo aldiz mundu osoan, energia elektrikoa sortu zuten Antartikan modu jarraituan, etenik gabe, eta 2025ekoan , egiaztatu dute aurreko urtean instalatutako sorgailu termoelektrikoak ongi funtzionatu duela Poloko negu gogorrean eta oraindik ere funtzionatzen duela.
JPLrekin izandako lankidetzari esker, bi aplikazio-eremuen (espaziala eta lurrekoa) arteko transferentzia teknologikoaren potentziala azter daiteke. NASAren zentroak esperientzia handia du espazio-esplorazioko misioetarako sistema termoelektrikoak diseinatzen, eta garapen horiek Lurrean komertzialki aplikatzeko aukera lantzen ari da.
“Nire egonaldian, aztergai dut nola aplikatu JPLk termoelektrizitatearen arloan egindako aurrerapenak bero geotermikoaren aprobetxamenduan —dio Nerea Pascualek—. Helburua da garatu ditugun sorgailu termoelektrikoak optimizatzea, NASAren JPLk material eta modulu termoelektrikoetan duen ezagutza eta NUPeko Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoena ikerketa-taldeak eraginkortasun handiko bero-trukagailuetan duen ibilbidea konbinatuz”.