Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria Teknologien Ingeniaritzako Graduko ikasleak enpresako benetako kasuei irtenbidea ematen aritu dira Metalurgia eta Metaloteknia irakasgaiaren esparruan, MAPSA metalurgia-enpresaren laguntzari esker. Enpresa hori espezializatuta dago automobiletarako eta ibilgailu komertzialetarako aluminiozko hagunak fabrikatzen. Jarduera hezkuntza-berrikuntzako proiektu baten barruan dago. Erakunde akademikoaren Irakaskuntzako Errektoreordetzak hautatu zuen azken deialdian, eta Pedro José Rivero Fuente INAMAT² Institutuko Ingeniaritza Saileko irakasle eta ikertzaileak koordinatu.
Hezkuntza-berrikuntzako proiektuaren izenburua “Aplikatu ingeniaritzako ezagutzak enpresetan” da, eta Industria Teknologien Ingeniaritzako Graduko Mekanika aipamenaren hirugarren ikasmailan garatu da.
Ikasleek hilabetez lan egin dute MAPSAko Kalitatearen, Ingeniaritzaren eta Operazioen arloko profesionalek proposatutako erronka teknikoei irtenbidea ematen. Tarte horretan, enpresak Orkoienen (Nafarroa) dituen instalazioak bisitatu dituzte ikasleek, lekuan bertan ezagutzeko proposatutako erronkak eta baita zalantzak argitzeko ere langile espezializatuen bidez. Jarduera amaitzeko, ikasleek ahoz aurkeztu dituzte landutako irtenbideak NUPeko irakasleek eta Mondragon Korporazioko industria-kooperatibako espezialistek osatutako panel baten aurrean.
Hezkuntza-berrikuntzako proiektuaren barruan industria-ingeniaritzaren esparruko graduko eta masterreko sei irakasgai daude, eta proiektuaren helburua da ikasleen artean gaitasun profesionalak garatzea, bai eta eduki akademikoei aplikatutako orientazio profesional bat eskaintzea ere.
“Proposamenaren izaera berritzailea gaitasun bat ikasketa-esperientzia aberasgarri bihurtzeko duen gaitasunean datza –esan du Pedro Riverok–. Jardueran, ikasleek benetako egoeretan aplikatzen dituzte ezagutza teknikoak, arloko profesionalekin interakzioa dute eta unibertsitateko irakasleek eta enpresa teknologikoetako langileek osatutako epaimahai baten zuzeneko oharrak jasotzen dituzte. Bai ikasleek eta bai enpresak oso modu positiboan baloratu dute esperientzia eta azpimarratu dute ekimena aitzindaria dela graduko azken ikasmailak egiten ari direnentzat”.