Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoan (NIBGMET) DBHko 4. ikasmailako eta Batxilergoko 1. ikasmailako ikasleei zuzendutako saio praktiko bat egin da. Jarduera Biotechnofarm programaren barruan dago. Espainiako Bioteknologoen Federazioak (FEBiotec) sustatutako ekimen bat da, kultura zientifikoa sustatzeko eta diziplina horretan bokazioak sortzeko. Nafarroako Bioteknologoen Elkarteak (NavBiotec) koordinatu du erakunde akademikoko jardunaldia, Unibertsitateko Biologia Sintetikoaren Katedrarekin lankidetzan.
Saio praktikoa NIBGMETen laborategietako batean egin da, eta DNA atera da NavBiotec ikasle-elkarteko kideek gidatuta, eta Iruñerriko bigarren hezkuntzako ikastetxe hauetako ikasleek parte hratu dute: Padre Moret-Irubide BHI, Sarriguren BHI, Zizur BHI, Luis Amigó ikastetxea eta Sagrado Corazón ikastetxea. Dibulgazio-saio batzuetan parte hartu ondoren aukeratu zituzten ikasleak.
Hitzaldiak ikastetxeetan
Apirilean, NavBiotec ikasle-elkarteko kideek hitzaldi informatiboak egin dituzte hainbat ikastetxetan, eta horietan bioteknologiako oinarrizko kontzeptuak, egungo aplikazioak eta egon daitezkeen irteera profesionalak aurkeztu dira. Arrosadiko campuseko jardunaldi praktikoak eman dio amaiera programari Nafarroako edizioan. Ikasleek zuzeneko esperientzia izan dute unibertsitateko ingurunean.
Biotechnofarm hainbat hiritan garatzen da, Espainiako Bioteknologoen Federazioa osatzen duten elkarteen babesarekin. Esaterako, NavBiotec Foru Komunitatean. Horrez gain, edizio aktiboak ditu hainbat autonomia-erkidegotan. Programak ingurune akademikoaren eta bigarren hezkuntzako ikastetxeen arteko zubi lana egin nahi du etorkizuneko belaunaldi zientifikoei bioteknologiarekiko grina pizteko modu parte-hartzaile eta atseginean.