Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbideko Graduko hirugarren ikasmailako 90 ikaslek Nafarroako Jauregia bisitatu dute berriki erakunde akademikoaren CUARTDA-II (Kultura, Artea eta Zuzenbide Administratiboa) izeneko irakaskuntza berrikuntzako proiektuaren bidez. CUARTDA ekimenak kultura erabiltzen du zuzenbide administratiboko funtsezko kontzeptuak irakasteko. Taldea Nafarroako Foru Zuzenbiderako Sarrera irakasgaia ari da egiten, eta bi irakasle izan zituzten lagun: Aritz Romeo Ruiz eta Ana Clara Villanueva Latorre.

zoom Zuzenbideko Graduko ikasleak Aritz Romeo irakaslearekin (argazkiaren erdian, lehenengo lerroan), Nafarroako Jauregiko Tronuaren Aretoan.

Zuzenbideko Graduko ikasleak Aritz Romeo irakaslearekin (argazkiaren erdian, lehenengo lerroan), Nafarroako Jauregiko Tronuaren Aretoan.

Bisitaldian, ikasleek Nafarroako Jauregiko zenbait gela eta areto bisitatu zituzten, eta horietan hainbat artelan ikusi zituzten, Nafarroak komunitate politiko berezi gisa izan duen historia erakusten dutenak (erresuma, foru-probintzia eta Foru Komunitatea).  Alderdi historiko eta artistikoei buruzko iruzkinez gain, ibilbidean zehar azaldu zen Nafarroako sinbolo enblematikoenetako batzuen esanahia, bai eta Nafarroako lehendakaritzak bere ordezkaritza-eginkizunak betetzeko eta Nafarroako Gobernuak izaera politikoko erabakiak eta xedapen administratiboak egiteko erabiltzen dituen lekuak ere. Nafarroako Gobernuaren araubide juridikoa irakasgaiko programaren barruan dago. 

Irakaskuntza berrikuntza CUARTDA Proiektuan 

CUARTDA proiektua José Francisco Alenza García katedradunaren eta Aritz Romeo Ruiz irakaslearen ekimena da, eta haren xedea da zuzenbide administratiboko oinarrizko kontzeptuak ezagutzera ematea kulturaren eta zehazki literaturaren, zinemaren eta artelanen ulermenaren eta interpretazioaren bidez. Proiektuaren bidez, ikasleek orobat bisitatu zuten Nafarroako Museoa ikasturteko lehenengo seihilekoan .