Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) I-COMMUNITAS Ikerketa Sozial Aurreraturako Institutuak jardunaldi bat antolatu du maiatzaren 13an, asteartea, “Konklabea eta gizarte sekularra” izenburupean, eta gogoeta eginen du Elizari eta kristautasunak gaur egungo munduan dituen erronkei buruz. Hitzordua 12:00etan izanen da Arrosadiko campuseko Jerónimo de Ayanz eraikinean, eta aldez aurretik izena eman behar da.
Hizlariek hainbat ikuspuntutatik aztertuko dituzte kristautasunaren erronka garaikideak, tradizioaren eta modernitatearen arteko tentsioak eta erlijioa eta gaur egungo gizarte sekularizatua uztartzeko dauden zailtasunak. Hori guztia konklabearen eta Leon XIV.a Aita Santu berriaren aukeraketaren harira. Honako hauek parte hartuko dute: Montserrat Herrero Filosofíako katedraduna Nafarroako Unibertsitatean eta ICSko ikertzailea; Guillermo Múgica apaiz eta teologoa, eta Gogoa Foroko eta Solasbideko kidea; Francisco Javier Ahechu apaiz eta katekista, eta CSETeko irakaslea; Josetxo Beriain Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologiako katedradun eta I-COMMUNITAS institutuko ikertzailea; eta, azkenik, Gabriel de Pablo kazetari eta Nafarroako Unibertsitateko irakasle elkartua. Ignacio Sánchez de la Yncera NUPeko katedradunak moderatuko du eztabaida. Jardunaldiaren programa osoa eta hizlarien curriculumak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko.