Leyre Arraiza artista nafarraren “Etorrarazi egin nahi zaitut, begira diezadazun” lana ikusgai egonen da ekainaren 30era arte Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA) Sario eraikinaren atondoan. Erakusketa astelehenetik ostiralera bisitatzen ahalko da, 09:00etatik 21:00etara, eta sarbidea librea izanen da.
Leyre Arraizak (Izaba, 1997) Dekorazio Obren Goi Mailako Teknikariaren titulua (Iruñea) lortu zuen 2017an. Arte Ederretako Gradua du (EHU, 2021), bai eta Arte Garaikideko Ikerketako eta Sorkuntzako Masterra ere (EHU, 2023). Gaur egun, Arte Garaikideko Ikerketako Doktoretza ari da egiten unibertsitate berean.
Leku hauetan egin ditu bere obraren erakusketak: Artnueve (Murtzia, 2024), Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, 2024), Itsasmuseum museoa (Bilbo, 2024), Arte Gaztearen Nafarroako Topaketak (Huarteko zentroa; 2021, 2023 eta 2024), Kondestablearen Jauregia (Iruñea, 2022), Horkasitas Jauregia (Balmaseda, 2022) eta Aire galeria (Bilbo, 2023). Herética(s) arte-taldeko kidea da, eta Nafarroako Arte Gaztearen Topaketak saria irabazi zuen 2023an. 2022an, egonaldi bat egin zuen BilbaoArte Fundazioan (Bilbo).