Iruñeko Padre Moret-Irubide BHIko zazpi ikaslek, Carmen Blanco Saralegui eta Leandro González Knowles irakasleekin batera, beren astronomiako lanak aurkeztu dituzte Poznańen (Polonia) RACOBEU europar proiektuaren esparruan (Radio Astronomy Collaboration Between European Universities izenaren akronimoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoak koordinatuta (NUP). Ekimenaren helburua da bokazioak sustatzea ZTIM arloetan (ingelesezko siglak zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika esan nahi du) Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean, arreta berezia eskainiz emakumeen parte-hartzeari eta astronomiari eta irrati-astronomiari. Unibertsitate aurreko ikasleek JOVE irratiari (NASAren hezkuntza- eta zientzia-dibulgazioko proiektu bat), astronomia-behatokiei eta zulo beltzei buruzko lanak aurkeztu zituzten.
Bilera apirilean egin zen Poloniako hirian, eta Silvia Balda Nieto, Hugo Cano Bosque, Aitor Jiménez de Bentrosa Elizalde, Uxue Lambán Saiz, Ilinca Lungu Silion, Ana Isabel Martín Villarroya eta Amagoia Zabala Sornoza DBHko 4. Ikasmailako ikasleek, Poloniako eta Letoniako bigarren hezkuntzako ikasleekin batera, beren lanak azaldu zituzten. Polonia eta Letonia dira proiektuan parte hartzen duten beste bi herrialdeak.
RACOBEUk 250.000 euroko finantzaketa du, eta hiru urteko iraupena du 2026ko urrira arte. Ekimenean parte hartzen dute Ventspils University of Applied Sciences-ek (Letonia) eta Adam Mickiewicz University-k (Poznań, Polonia), bai eta Ventspils Secondary School nº 2 (Letonia) eta Poznań-eko Spark Academy (Polonia) ikastetxeek, NUPekin eta Padre Moret-Irubide BHIrekin batera. Proiektuaren helburua da lankidetza-sare bat sortzea aipatu unibertsitate eta bigarren hezkuntzako ikastetxeen artean, eta Silvia Díaz Lucas Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasle eta NUPeko Smart Cities Institutua (ISC) ikertzaileak zuzentzen du.
Konexioa NUPeko irrati-teleskopioarekin
Bilerak egin ziren lau egunetan, NUPeko irakasleek zuzendutako zenbait jarduera egin ziren. Silvia Díaz Lucasek, Jesús Palacián Subielak eta Patricia Yanguas Sayasek hitzaldi espezializatuak eman zituzten; eta Rafael Ruiz Feliu urrunetik konektatu zen Jocelyn Bell Burnell irrati-teleskopiora, eta haren funtzionamendua erakutsi zuen. Irrati-teleskopioa Arrosadiko campuseko praktiketarako etxaldean dago. Proiektuaren zuzendariak nabarmendu zuen José Javier Vesperinas Oroz NUPeko Ikerketari Laguntzeko Unitate Zientifiko-Teknikoko (ILUZT) teknikari eta irrati-teleskopioa mantentzeko arduradunaren lankidetza. Esan zuen teknikariaren “laguntza” nahitaezkoa izan zela ekimena garatzeko.
“Topaketak bazkide laguntzaile guztien arteko konfiantza sendotu du”, adierazi zuen Silvia Díazek, Poloniako hiriko bileraren ondoren. Zenbait instalazio zientifiko ere bisitatu dituzte: Chalineko Nature Education Center, Poznańeko Behatokia eta Enigma Zifratze Zentroa.
Proiektuan parte hartu duten Bigarren Hezkuntzako hiru ikastetxeak aitzindariak izanen dira hezkuntza-eredu berri bat diseinatzen, zeinak ahalbidetuko duen ikasleek astronomiako eta irrati-astronomiako gaitasunak eta ezagutzak modu eraginkorrean eskuratzea proiektuetan aktiboki parte hartuz.