Joan eduki nagusira

Agindutako ariketa fisikoa egitea tresna eraginkorra izan daiteke COVID iraunkorra duten pertsonen egoera funtzionala, bizi kalitatea eta hainbat sintoma hobetzeko. Hala ondorioztatu du Nora García Alonso fisioterapeutak (Iruñea, 1996) berriki Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza tesiak . Ikerketak erakusten du indar eta potentzia ariketak konbinatzen dituen ariketa fisikoko programa egokitu batek nekea gutxitzen, gaitasun funtzionala handitzen eta gogo-aldartea hobetzen laguntzen duela gaixotasun hori dutenen artean. Ikerketa Navarrabiomeden  egin da (Nafarroako Gobernuaren eta NUPen Ikerketa biomedikoko zentroan), eta ariketa fisikoaren ahalmena nabarmentzen du paziente horien errekuperaziorako esku-hartze terapeutiko gisa.

zoom Nora García Alonso, NUPeko doktore berria.

Nora García Alonso, NUPeko doktore berria.

COVID iraunkorra koadro kliniko bat da, SARS-CoV-2 infekzioaren fase akutua gainditu duten pertsona batzuei eragiten diena. Haren sintomek hainbat aste edo hilabete irauten dute, hala nola nekea, giharretako mina, arnasa hartzeko zailtasuna, kontzentratzeko edo lo egiteko arazoak.  Ondorio horiek eragin nabarmena izan dezakete pairatzen dutenen bizi-kalitatean eta funtzionaltasunean.

“Gida klinikoek gainbegiratutako ariketa gomendatzen dutenez tratamenduaren zati gisa eta haren eraginkortasunari buruzko ebidentzia oraindik mugatua denez, paziente horiengan duen eragina ikertzeko premia sortu zen”, azaldu du Nora García Alonsok.

Ariketa egokituaren programa

Doktoretza-tesian, kaltetutako taldeari egokitutako entrenamendu fisikoko programa bat diseinatu, aplikatu eta ebaluatu da.  “Saiakuntzak, EXER-COVID izenekoak, indar eta potentziako entrenamendu konbinatuko programa batek bihotz eta arnas gaitasunean, indar muskularrean, COVID iraunkorraren sintometan, bizi kalitatean eta osasun mentalean dituen ondorioak ebaluatu zituen. Ikerketa Navarrabiomeden garatu zen 2021etik 2022ra bitartean, eta COVID iraunkorra zuten ehun bat parte-hartzaile izan zituen”, azaldu zuen ikertzaileak.

Tesiaren emaitza nabarmenen artean, egileak nabarmendu du protokolo horretan parte hartu zutenek «nabarmen» hobetu zutela «bihotz-biriketako gaitasuna eta indar muskularra» bezalako parametroetan, bizi-kalitatean, ongizate psikologikoan eta errendimendu kognitiboan onurak sortzeaz gain. “Era berean, ahulezia, disnea edo arnasa hartzeko zailtasuna, oroimen-galera eta estresa bezalako sintomak murriztu egin zirela ikusi zen”, gaineratu du tesiaren egileak.

“Emaitza horiek azpimarratzen dute gainbegiratutako ariketak COVID iraunkorra duten pertsonen errekuperaziorako tresna terapeutiko gisa duen garrantzia, eta ebidentzia zientifikoa ematen dute praktika klinikoan aplikatzeko”, ondorioztatu du tesiaren egileak. Tesia NUPeko bi irakaslek zuzendu dute: Mikel Izquierdo Redín katedradunak, Navarrabiomedeko Ariketa Fisikoaren, Osasunaren eta Bizi Kalitatearen Unitateko (E-FIT) ikertzaile nagusiak, eta Robinson Ramirez irakasle titularrak.

Dirulaguntza eta argitalpenak

Proiektu hori finantzatu zen I+G+b Sistemaren Jakintza Sortzeko eta Zientzia eta Teknologia Indartzeko Estatuko Programen I+G+b Proiektuen laguntzarekin, Gizartearen Erronketara bideratuta, Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2017-2020 Estatuko Planaren esparruan.

Gainera, doktoretza-tesiaren emaitzak inpaktu handiko aldizkari zientifiko batean argitaratu dira, “European Heart Journal”, Europako Kardiologia Elkarteak argitaratua, eta Kirol Medikuntzaren Ameriketako Elkargoaren (ACSM, ingelesezko sigletan) kongresuan aurkeztu ziren, kirolaren medikuntzaren eta ariketaren zientziaren nazioarteko erakunde nagusia eta arlo horretako erreferentziazko ekitaldia. Azkenik, Nafarroako Gobernuaren Kirolaren Ikasketa, Ikerketa eta Medikuntza Zentroak (CEIMD) Foru Komunitateko Ikerketa Proiektu Onena izendatu zuen lan hori, 2024ko Kirolaren Sarien barruan.

Curriculum laburra

Nora García Alonsok Fisioterapiako gradua egin zuen San Jorge Unibertsitatean (Zaragoza) eta Ikerketa Soziosanitarioko Masterra Gaztela-Mantxako Unibertsitatean, NUPeko Osasun Zientzietako doktoretza-programan sartu aurretik.

Aldi horretan, bi ikerketa-proiektutan parte hartu du, zientzia-aldizkarietan argitaratutako zazpi artikuluren egilea eta Espainiako eta nazioarteko kongresuetan egindako bederatzi ekarpenen egilea da beste batzuekin batera.

Ikasturte honetan, Nora García Alonso fisioterapiaren arloko ordezko irakaslearen lanetan ari da NUPen Tuterako campusean.