Hurrengo asteko asteartean, maiatzak 13, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Aprender-Ikasi Katedrak aztergai izanen ditu euskarazko irakaskuntzak Nafarroan dituen erronkak. Saioak Nafarroako Ikastolen Federazioarekin eta I-COMMUNITAS institutuarekin lankidetzan eginen dira, eta euskaraz, 09:30etik 14:00etara, Olibondoak eraikineko Nicolás García de los Salmones aretoan (Arrosadiko campusa). Jardunaldira joateko, inprimakia bete behar da eta programa eskuragarri dago Unibertsitatearen webgunean.
Jardunaldien antolatzaileen arabera, “euskara biziberritzeko prozesuan, hezkuntzak funtsezko zeregina du, eta Nafarroan, askotariko testuinguru soziolinguistiko batean, erronka bereziak daude euskaldunen hezkuntzan”. Jardunaldi horietan, NUPeko Ikasi Katedraren eta Nafarroako Ikastolen Federazioaren bidez, gogoetarako eta eztabaidarako gune bat eskaini nahi da, eta euskaraz jakitea eta kulturarekiko atxikimendua, gurasoen parte-hartzea eta ikastolen ekarpena izanen dira protagonistak.
Programak bi hizlari aditu izanen ditu: Jon Sarasua Maritxalar hiztun osoagoen kontzeptuaz arituko da, eta Paula Kasares Corralesek aztergai izanen du gurasoen egitekoak duen garrantzia euskaraz mintzo diren seme-alabak hezteko. Gero, aukera izanen da sakon ezagutzeko Nafarroako ikastetxeak arlo horretan egiten ari diren lana.