Joan eduki nagusira

Gaur, asteartea, maiatzak 6, Unai Hualde Parlamentuko presidenteak eta Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2025ean hainbat dibulgazio jarduera egiteko hitzarmena sinatu dute. Bi erakundeek 2001eko ekainaren 11n beren helburuak lortzen laguntzeko sinatu zuten esparru-akordioaren barruan dago hitzarmena.

zoom Hitzarmenaren sinadura. Ezkerretik eskuinera, Unai Hualde Parlamentuko presidentea eta Ramón Gonzalo errektorea.

Hitzarmenaren sinadura. Ezkerretik eskuinera, Unai Hualde Parlamentuko presidentea eta Ramón Gonzalo errektorea.

Aipatu hitzarmeneko lankidetza-jardueren artean daude, besteak beste, unibertsitateko ikasleen (Zuzenbidea eta Zuzenbideko eta EAZko Gradu Bikoitza) eta foru parlamentarioen arteko topaketak, azken urteetako formatuarekin. Eztabaida Gela ere badago. Kultura politikoari buruzko gogoetarako gune bat da, eta zenbait lehiaketa ditu. Esparru horretan, 2025ean eginen dira Batxilergoko Eztabaida Torneoaren XVI. edizioa, euskarazko Unibertsitate Eztabaidako XII. Torneoa EHUrekin batera, Eztabaida Kluba eta Unibertsitateko Eztabaida Ligaren Tokiko aldia, G-9 Eztabaida Ligan parte hartu baino lehenagoko fase gisa. Hitzarmenak, gainera, eztabaida-jarduerak eraldatu eta bultzatzearen aldeko apustua egiten du, eta, alde horretatik, NUPeko ikasleek Espainiako hainbat txapelketatan parte hartuko dute, baita LEDU Munduko Oratoria Txapelketan ere.

NUPek, orain arte bezala, Nafarroako Parlamentuko liburutegiari helaraziko dizkio zuzenbidearekin eta gizarte-zientziekin lotutako gaietan eta Nafarroarekin espezifikoki lotutako beste gai batzuetan argitaratzen dituen argitalpenak. 

Parlamentuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko lankidetza hitzarmenak beste jarduera batzuk jasotzen ditu, hala nola Parlamentu Gela bat sortzea, zeinaren helburua baita unibertsitateko adituekin prestakuntzak, konferentziak eta hitzaldiak egitea. Zehazki, 2025ean eginen diren jarduerak “indarkeriaren egiturazko kausei” eta “ekintza parlamentarioko genero-ikuspegiari” buruzkoak izanen dira.  

Hitzarmenak 32.750 euroko aurrekontua du gehienez ere, eta Unai Hualdek eta Ramón Gonzalok “poza” adierazi dute “harreman probetxugarri eta egonkortua” izaten jarraituko dutelako. Hurrengo urtean 25 urte beteko dira harremana hasi zenetik, eta hari esker, beste gauza batzuen artean, “Nafarroako Parlamentua gazteriari hurbiltzen zaio”.