Jaime Canal Campos Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nekazaritzako Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko ikasleak urrezko domina lortu du Golfeko Espainiako Unibertsitate Txapelketetan. Txapelketak apirilaren 27tik 30era bitartean egin ziren Madrilgo Golfeko Zentro Nazionalean. Ikaslea “scratch” modalitateko irabazlea izan da, eta orobat brontzezko domina lortu du handicapeko modalitatean, CEU San Pablo Unibertsitateak antolatutako torneo batean.
Golfean, “scratch” modalitatean, ez da handicapa aplikatzen, hau da, kolpeen kopurua pertsona bakoitzaren joko-mailaren arabera doitzen duen sistema, trebetasun desberdineko jokalarien arteko baldintzak berdintzeko. “Scratch” modalitatean, parte-hartzaile guztiak beren benetako emaitzarekin lehiatzen dira, handicaparen araberako zuzenketarik gabe, eta ibilbidea ahalik eta kolpe gutxienekin osatzen duenak irabazten du.
Zehazki, Jaime Canalek -1eko emaitzarekin osatu zituen hiru ibilbideak, eta emaitza horri esker gailendu zen hirurogei lehiakideko torneo batean. Horien artean zegoen Pablo Fuertes Arrechea NUPeko ikaslea. Ikasle hori Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua egiten ari da. Handicapeko modalitatean, Jaime Canal hirugarren postuan sailkatu zen +8ko emaitzarekin, zelaia hiru aldiz osatu ondoren. Zelaia 18 zulokoa eta 72 parekoa zen.
Arku tiroko, atletismoko eta taekwondoko txapelketak
Bestalde, Jorge Dabán Baines Ingeniaritza Informatikoko Graduko ikasleak ia lortu zuen domina Arku Tiroko Espainiako Unibertsitateko Txapelketetan. Laugarren postuan sailkatu zen arku kurbatu edo errekurbatuko modalitatean. Joko Olinpikoetan egiten dena da, eta ezagunena, muturrak kanporantz kurbatuak dituen tresna bat erabiltzen baita, eta horrek potentzia handiagoa ematen dio jaurtigaiari. Torneoa apirilaren 28tik 30era egin zen Espainiako hiriburuan, eta Unibertsitate Konplutentseak antolatu zuen.
Unibertsitateko beste bi lehiaketa ere egin ziren Madrilen. Maiatzaren 2tik 5era bitartean, Vallehermoso estadioan, Atletismoko Espainiako Unibertsitate Txapelketak egin ziren, eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa izan zen antolatzailea. Íñigo Guinea Pro (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Gradua) bosgarren sailkatu zen 800 metroko proban 1:51.93 markarekin; Nahia Miqueleiz Lizarraga (Erizaintzako Gradua), seigarren postuan sailkatu zen 100 metroko hesi lasterketan (14.41); eta Tristán Cárdenas Otel (Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Gradua) zortzigarren postuan sailkatu zen 100 metro lauetan (10.93).
Azkenik, Alcalá de Henaresko Unibertsitatean egin ziren Taekwondoko Espainiako Unibertsitateko Txapelketetan, Ekonomiako Graduko bi ikaslek parte hartu zuten, eta emaitza bera izan zuten. Final laurdenetara iritsi ziren. Samira Martínez de Manso Galánek 67 kg baino gutxiagoko kategorian parte hartu zuen eta Alejandro Pérez Torresek 87 kg baino gutxiagokoan.