Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Langileen Erakunde Iraultzailea (ORT) alderdi politikoarekin lotutako hainbat dokumenturen dohaintza jaso du. Dokumentuak 1969an sortu zenetik 1979an desegin zen arteko aldikoak dira. Material horiek bost dokumentazio-kaxatan daude (kartelak eta eranskailuak barne), eta “En Lucha” eta “Abenduak 11” aldizkarien bildumarekin batera lagako dira. Horiek guztiak lagatzeko sinadura-ekitaldia gaur, astelehena, apirilak 28, egin da. Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak eta Fortunato Díaz Elcano materialen jabeak sinatu dute dokumentua.
Dokumentuan jasotzen den bezala, bi aldeek baloratu dute “dokumentu horiek duten interes publiko kolektiboa, ORTren jarduera politiko eta sindikalek Nafarroako historia hurbilean duten garrantzia eta historia ezagutzeko”. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Artxiboak zainduko ditu utzitako dokumentuak, eta hark antolatu, kontserbatu, digitalizatu eta ikertzaileen eta jende orokorraren eskura jarriko ditu. Lagapenaren bidez, NUP materialen jabe eta ustiapen-eskubideen titularra izanen da izaera mugagabearekin.


Firma de la cesión de documentos. De izda. a dcha., el propietario de los materiales, Fortunato Díaz Elcano; y el rector, Ramón Gonzalo.
Langileen Erakunde Iraultzailea
NUPeko Artxiboak adierazi bezala, Langileen Erakunde Iraultzailea (ORT) alderdi politikoak funtsezko zeregina izan zuen Nafarroako langile mugimenduaren historian. Alderdia XX. mendeko 60ko hamarkadaren bigarren erdian sortu zen. Urte horietan Nafarroan hainbat gatazka sozial sortu ziren, bereziki Iruñeko industria-ingurabidean, eta une batzuetan estatu mailako garrantzia izan zuen, “langileen eta sindikatuen borrokaren erreferentzia izan baitzen”, azaltzen du dohaintza onartzeko txostenak. Foru Komunitatean “aparteko aldaketa soziopolitikoa gertatu zen, berrogeiko hamarkadan sindikatuen presentzia txikia izanagatik ere hirurogeita hamarreko hamarkadan nabarmen hazi baitzen, eta elementu erabakigarria izan zen Nafarroaren bilakaera globalean”, adierazten da dokumentuan.
Aldaketa sozial eta politikoaren testuinguru horretan, ORTk funtsezko zeregina izan zuen Nafarroako langileen mugimenduaren historian, batez ere beste indar politiko batzuek, ezkertiarrek zein euskal abertzaleek, ezarpen esanguratsurik ez zuten testuinguru batean. Gauza bera esan daiteke mugimendu sindikalari buruz. Izan ere, ORTk bere alternatiba propioa sortzea erabaki bzuen, hots, Sindikatu Baterakoia (SU), eta arrakasta izan zuen Nafarroako zenbait industria-zentrotan.
1979an, Espainiako Lanaren Alderdiarekin bat egin ondoren, bi erakundeak desegin egin ziren, eta Espainiako Langileen Alderdia (PTE-ORT) sortu zuten, zeinak 1980an bere jarduera bertan behera utzi baitzuen alderdi politiko gisa, barne-krisi bat zela eta, une hartan parlamentutik kanpoko lehen indarra izan arren.
“Fortunato Díaz Elkanoren jarduera politiko eta sindikalen ondorioz dohaintzan emandako dokumentu-funtsa oso interesgarria da hainbat ikuspegitatik ikerketa soziala egiteko, bereziki frankismo berantiarraren eta Trantsizioaren lehen urteen artean Nafarroan izan zen garai gatazkatsu bateko historia sindikal eta politikoa ikertzeko”, dio txostenak.
Ildo horretan, “dohaintzari esker hainbat dokumentu garrantzitsu eskuratuko ditu Unibertsitateak, eta horrek aukera emanen du Nafarroako gizartean hain esanguratsua den eraldaketa bat ikertzeko eta ulertzeko, erregimen frankistaren politika ekonomikoek eta langile mugimenduaren erantzun sozial eta politikoak bultzatutako industrializazio bat ezarri zelako, Nafarroako bizitza politiko, ekonomiko eta sozialaren hainbat alderditan aldaketak eta gertaerak bizi izan ziren garai historiko batean”, ondorioztatu du NUPeko Artxiboak egindako txostenak.