Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak (CRUE) eta Txileko Unibertsitateetako Errektoreen Kontseiluak (CRUCH) bi aldeko bilera egin berri dute bi herrialdeen arteko harreman akademikoak eta nazioarteko lankidetza indartzeko. Bilera Txileko Santiagoko Unibertsitatean egin zen, eta lankidetza hitzarmen bat sinatu zen bi herrialdeetako unibertsitateen artean, lankidetza estrategiko eta iraunkor bat ezartzeko. Bileran parte hartu zuen, Espainiako unibertsitateetako beste arduradun batzuen artean, Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak (NUP).
Eva Alcón CRUEko buru eta Jaume I Unibertsitateko errektoreak eman zion hasiera Espainiako eta Txileko unibertsitateetako errektoreen bilerari, eta harekin batera izan ziren Emilio Rodríguez CRUCHeko presidenteorde exekutibo eta Tarapacáko Unibertsitateko errektorea, Nicolás Cataldo Txileko Hezkuntza ministroa, Cristián Cuevas Zientzia, Teknologia, Ezagutza eta Berrikuntza Ministerioko idazkariordea eta Rodrigo Vidal Txileko Santiagoko Unibertsitateko errektorea (bilera antolatu zuen erakundea).
Saioek iraun duten bi egunetan, aztergai izan dituzte bi herrialdetako goi mailako hezkuntzaren etorkizunerako funtsezkoak diren gaiak, proposamenak partekatzeko eta goi mailako hezkuntzak dituen erronketan aurrera egiteko. Aztergai izan dituzten gai nagusien artean aipatzekoak dira ikasle- eta ikasketa-mugikortasuna, ikerketako lankidetza, zientzia irekia, adimen artifiziala eta etika, bai eta mikrokredentzialen bidezko prestakuntza jarraitua ere.
Gainera, zenbait estrategia aztertu dira Espainiako eta Txileko unibertsitateen arteko truke kultural eta akademikoa sustatzeko, epe luzerako lankidetzako alde biko agenda bat sendotzeko.
Baterako erakunde-adierazpenaren sinadura
Testuinguru horretan, bi herrialdeen arteko lankidetza akademikorako adierazpen instituzional bat sinatu dute CRUEk eta CRUCHek. Ezagutzaren espazio komun bat eraikitzearen aldeko apustua egiten du dokumentuak, eta espazio horren oinarria dira elkarrekikotasuna, aniztasuna, unibertsitate-autonomia eta gizarte-erantzukizuna. Bere konpromiso aipagarrienen artean daude titulazioak elkarri aitortzea, mugikortasun akademikoa erraztea, zientzia irekia sustatzea eta jasangarritasuna eta adimen artifiziala zeharka jasotzea baterako proiektuetan.
Adierazpenak orobat azpimarratzen du unibertsitate-autonomiaren defentsa askatasun akademikoaren, pentsamendu kritikoaren eta parte-hartze demokratikoaren berme modura, eta unibertsitateek herritarren prestakuntzan, giza eskubideen defentsan eta gizartearen aldaketan duten zeregin ordezkaezina aitortzen du.