Joan eduki nagusira

Gaizka Legarra Gorgoñon Lehen Hezkuntzako Irakasletzan Gorputz Hezkuntzako aipamenarekin graduatuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesian ikertu du 4 eta 5 urteko haurren jarduera fisikoaren, gaitasun motorraren eta egoera fisikoaren arteko harremana, eta horrek osasunean duen eragina aztertu du. “Jarduera fisikoak oinarrizko trebetasun motorrak, koordinazioa, oreka eta indarra garatzen laguntzen du, bai eta funtzio exekutiboa eta arreta-gaitasuna hobetu ere. Gainera, ohitura osasungarriak bultzatzen ditu”, aditzera eman du ikertzaileak. “Ariketa fisikoa bultzatu behar da garapenaren etapa bakoitzerako ikuspegi egokiarekin”, esan du.  

zoom gaizka legarra

Gaizka Legarra, Navarrabiomeden.

Doktoretza-tesia Ariketa Fisikoaren, Osasunaren eta Bizi Kalitatearen Unitatearen (E-FIT) "Jarduera Fisikoaren Behatokia” ikerketa proiektuaren barruan garatu zen. NUPek, Navarrabiomedek eta Iruñeko Iturrama Osasun Zentroak egin zuten proiektua. Honako hauen ikuskaritzapean garatu zen doktoretza-tesia: Mikel Izquierdo Redin E-FIT Unitateko ikertzaile nagusi eta NUPeko katedraduna; Robinson Ramirez Velez Navarrabiomedeko ikertzaile eta NUPeko Fisioterapia arloko irakaslea; eta Alicia Alonso Martínez dekanorde, NUPeko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduko arduradun akademiko eta Navarrabiomedeko ikertzailea. 

Zehazki, tesian urtebeteko behaketa-azterketa bat egin zitzaien Iturramako Osasun Zentrotik ekarritako 38 mutikori eta 32 neskatori, eta protokolo bat sortu zen etorkizunean 12 asteko esku-hartze esperimental bat egiteko, programa gamifikatu batean oinarrituta (astean bitan egiteko ariketak dituen web-plataforma) eta familiaren partaidetzara bideratuta. 

Lehenbizi aipatutako ikerketan, jarduera fisikoaren eta sedentarismoaren eremuen arteko lotura ebaluatu zen, modu objektiboan neurtuta, bai eta egoera fisikoa, oinarrizko trebetasun motorrak eta funtzio exekutiboa ere. Aldagai horien bilakaera ere aztertu zen, beren hazkundearen joera naturalaren jarraipena urtebetez egin ondoren, asteko gorputz-hezkuntzako klaseekin eta eskolaz kanpokoekin batera. Bestalde, diseinatutako protokoloaren helburua zen aztertzea zer eragin duen egoera fisikoan, gaitasun motorrean, funtzio exekutiboan eta mugimendu-gidekiko atxikimenduan. 

“Emaitzek erakutsi zuten lotura zegoela gaitasun motorraren, egoera fisikoaren eta lehen haurtzaroko jardueraren artean, eta alderdi horietan hobekuntzak izan ziren urtebete igaro ondoren. Etorkizunean, protokoloak ahalbidetuko du bere eraginkortasuna ebaluatzea, eta haurren garapenean duen eraginari buruzko ebidentzia emanen du”, esan du tesiaren egileak.     

Gaizka Legarraren CV laburra

Gaizka Legarra NUPeko Lehen Hezkuntzako Irakasletzan Gorputz Hezkuntzako aipamenarekin graduatua da, eta Psikopedagogiako Unibertsitate Masterra egin zuen Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean. Orobat Haur Hezkuntzako Goi Mailako Gradua egin zuen.  

Nafarroako Gobernuak finantzatu zuen (GoNa 2021/35) Gaizka Legarraren doktoretza lana eta  FEDER funtsen bidez batera finantzatu zen % 50ean. Tesiaren emaitzak Espainiako aldizkarietan (Revista Pediatría Atención Primaria) eta nazioarteko aldizkarietan argitaratu ziren (Italian Journal of Pediatrics —2023. artikulua eta 2024. artikulua— eta Trials), eta biltzar zientifikoetan aurkeztu ziren: Kirol Zientzien Espainiako Elkartearen XII. Nazioarteko Kongresua (2023ko ekainak 21-23, Madril), Ospitalez Kanpoko Pediatriako eta Lehen Mailako Arretako Espainiako Elkartearen 37. Kongresu Nazionala (urriak 19-21, Gijon) eta Pediatriako XXIV. Jardunaldiak (azaroak 21-23, Iruñea).

Gaur egun, Gaizka Legarra ariketa fisikoari lotutako hainbat proiektutan murgilduta dago, eta bere prestakuntza akademikoa eta esperientzia praktikoa uztartzen ditu. Ikerketari laguntzeko teknikari lanetan jarraitzen du Navarrabiomedeko EFIT taldean. Gainera, NUPen hasi da Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Graduko irakasle lanetan.