Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Nafarroako Gobernuak eta Leringo Udalak osatzen duten Amado Alonso Fundazioak Amado Alonso Literatur Kritikako Nazioarteko XXIII. Sariaren deialdia egin du. Sariaren bidez, Amado Alonso omendu nahi da, hots, Harvard Unibertsitateko (Estatu Batuak) Espainiar Hizkuntza eta Literaturako nafar irakaslea, literatur kritikari buruzko ikerketa eta dibulgazio jarduerak sustatuz. Saria 5.000 eurokoa da. Lanak aurkezteko epea ekainaren 15ean amaituko da.

zoom Amado Alonso, sariari izenea ematen dion irakasle eta ikertzaile nafarra.

Amado Alonso, sariari izenea ematen dion irakasle eta ikertzaile nafarra.

Sariaren oinarrietan jasotzen denez, argitaratu gabeko jatorrizko ikerlanak aurkeztu behar dira, gaztelaniaz idatziak eta 800.000 karakterekoak gehienez ere. Fundazioaren Patronatuak horretarako izendatutako epaimahai batek emango du epaia, eta saritutako lana argitaratu egingo da Pre-Textos valentziar argitaletxearekin batera. Deialdi honen oinarriak Amado Alonso Fundazioaren webgunean daude kontsultatzeko: http://www.f-amadoalonso.com/premio.html.

Amado Alonso aldarrikatzea

Amado Alonso Fundazioa 2001ean eratu zen, eta hauek dira bere helburuak: Amado Alonso irakasle nafarraren bizitza hobeki ezagutzen laguntzea, bai eta haren testuinguru historikoa ere, Nafarroako, Espainiako eta beste herrialde batzuetako arlo akademikoan eta sozialean; ikertzaile horrek espainiar filologiaren, espainieraren didaktikaren eta literatur teoria eta kritikaren esparruan egindako ekarpen zientifikoen balioa aldarrikatzea; Amado Alonsoren eta bere lankide eta ikasleen lan ildoak eta espiritua garatzeko ikerketa eta dibulgazio jarduerak bultzatzea; eta egile horri buruzko dokumentazio bilketa sustatzea.

Literatur kritikako nazioarteko sari hau 2002an sortu zen, eta hauek izan dira orain arteko irabazleak: M.ª Isabel López Martínez (2002), Gloria Estela González-Zenteno (2003), Ángel Pérez Martínez (2004), Miguel Zugasti Zugasti (2005), Josep María Rodríguez Cabrera (2006), Alberto Santamaría Fernández (2007), Magda Beatriz Lahoz de Klins (2009), Alejandro Bekes (2010), Mario Martín Gijón (2011), Toni Montesinos Gilbert (2012), Gabriel Insausti Herrero-Velarde (2014), Walter Cassara (2015), Álex Matas Pons (2016), Miriam Moreno Aguirre (2017), Marco Perilli (2018), Cristian Crusat (2019), Roberto Echavarren (2020) eta Andrés García Cerdán (2022), Pedro Charro Ayestarán (2023) eta Sergio Navarro Ramírez (2024).

Irakaskuntzako Erakunde Libreko irakaslea

Amado Alonso (Lerin, 1896 - Arlington, Estatu Batuak, 1952), Filosofia eta Letretan lizentziatu zen 1918an Madrilgo Unibertsitate Zentralean, eta Américo Castrorekin eta Menéndez Pidalekin batera lan egin zuen Historia Ikasketen Zentroan. Han, fonetikaren arloan sakondu zuen, eta gero espezialitate horrekin jarraitu zuen Hanburgoko Unibertsitatean (1922-1924). Espainiara itzuli zelarik, Irakaskuntzako Erakunde Libreko irakaslea izan zen. Aldi berean, Valle-Inclánen "Sonatei" buruzko doktoretza tesia prestatu zuen, zeina 1927an defendatu baitzuen. Urte horretan berean, Atlantikoa gurutzatu zuen Buenos Aireseko Unibertsitateko Filologia Institutuaren zuzendaritzaz arduratzeko. Han ia hogei urte egin zituen.

1946an, Amado Alonso Harvard Unibertsitateko (Estatu Batuak) Espainiar Hizkuntza eta Literaturako irakaslea izan zen, hasiera batean seihileko baterako, baina, Argentinako arazo politikoak zirela medio, ezin izan zen itzuli. Estatu Batuetan egon zen herriminak jota, Espainiara itzuli ezin zelako, 1952an hil zen arte.

Amado Alonsoren lan aipagarriak dira, besteak beste, "Espainiera Amerikan" eta "Gaztelaniaren Erdi Aroko ahoskeratik ahoskera garaikidera", eta "Revista de Filología Hispánica" argitalpena ere sortu zuen, baina hizlari gisa ere nabarmendu zen, asko landu baitzuen arlo hori. Horri esker, makina bat unibertsitatetan egon zen. Chicagoko Unibertsitateko "honoris causa" doktore inbestitu zuten, eta Filadelfiako Amerikako Sozietate Filosofikoko eta Letretako Argentinar Akademiako kidea izan zen. Joan Evansekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituzten. Horietako bat, Juan Alonso, idazlea eta irakasle emeritua izan zen Tufts University unibertsitatean (Estatu Batuak), eta Amado Alonso Fundazioaren Patronatuko kide da.